Gaztea

Kontzertuak

Taylor Swift Europan: Madrilgo kontzertua, Gelsenkirchen fenomenoa eta kontraprogramazioa

B. F. | EITB Media

Estatubatuar artistak geldialdi bakarra egingo du espainiar Estatuan: Madrilen, 2024ko maiatzaren 30ean.

  • Taylor Swift

    Taylor Swift. Argazkia: @blevey / Getty Images

Taylor Swiftek The Eras Tour birako Europako kontzertuen egutegia kaleratu berri du. Alemanian, Austrian, Erresuma Batuan, Polonian eta Italian eskainiko ditu zuzenekoak, baita espainiar Estatuan ere: Madrilgo Santiago Bernabeu estadioan, 2024ko maiatzaren 30ean.

12 urte igaro dira Swiftek Madril azkenengoz zapaldu zuenetik (2011n izan zen, The Speak Now World Tour biraren baitan), eta itzuleraren berriak zaleak erabat aztoratzea ekarri du. Sare sozialetan garbi ikusi denez, swiftieak (artistaren zaleak) urduri daude dagoeneko.

Sarrerak

Sarrerak uztailaren 13an izango dira eskuragarri, 14:00etatik aurrera. Biraren antolatzaileek iragarri dutenez, ordu hori baino lehenago erregistratzeko aukera emango dute, prozesua errazte aldera.

Aurrez izena ematen duten erabiltzaileek sarrerak erosteko orduan lehentasuna emango dien kodea eskuratuko dute.

Data bat baino gehiagorako tiketak nahi izanez gero, data bakoitzeko erregistro bana egin beharko dela azpimarratu dute antolatzaileek. Baita azken ohar bat ere: izena emateak ez du bermatuko sarrerak erosi ahal izatea.

Primavera Soundekin batera

Madrilgo kontzertuaren datak eztabaida piztu du sare sozialetan, 2024ko Primavera Sound (Bartzelona) musika jaialdiarekin kointzidituko baitu.

Hartara, aldaketarik egon ezean, bi ekitaldietara joatekoak ziren zaleek baten aldeko hautua egin beharko dute.

Gelsenkirchen fenomenoa

Alemaniako daten baitan, Hanburgo eta Munichez gain, Gelsenkirchen geldituko da The Eras Tour. Datu honek erabat harritu ditu artistaren zaleak, eta memeak sortzeko balio izan du, Swiftek 250.000 biztanle inguruko hiri ezezaguna mapan jartzea lortu baitu.