09:35

Gaztea

Musika

Taylor Swiften ‘Midnights’ entzun dugu eta honakoak dira gure abesti gustukoenak

B. F. | EITB Media

Estatubatuar artistak gaur goizaldean estreinatu du azken lan luzea, askok “minimalista” eta “intimo” gisa definitu dutena. Diskoa entzunda, Gaztean ere badugu zer esan.

  • 'Midnights'en azala

    'Midnights'en azala

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

MTVren VMA sarien galan iragarri ostean, gurekin dago, eskuartean dugu Taylor Swiften 'Midnights'. Estatubatuar artistaren azken lanak sare sozialak erabat aztoratu ditu, baita Gazteako erredakzioa ere.

Lan "minimalista" eta "intimo" gisa ulertuta, erabat hunkitu gaitu Swiften azkenak. Aurreko bi albumen ('Folklore' eta 'Evermore') tankerari eutsita, artistak bere sentimenduei atea ireki eta giro malenkoniatsuan murgildu gaitu.

Taylor Swiftek berak azaldu duenez, disko berria sortzeko "norbere buruarekiko gorrotoa, mendekua, iraganeko mamuak" eta maitemintzearen inguruko hausnarketak bildu ditu.

Albuma goitik behera entzunda, Gazteako hainbat kidek badituzte euren abesti kutunak.

Ibon Fernandezen ustez, diskoaren lehen zatiak esperimentatzeko bidea ireki dio artistari, eta erditik aurrera aurki ditzakegu Swiften bertsiorik "puruena".

Abestiei dagokienez, Bejeweled eta Labyrinth dira Ibonen gustukoenak. Bitxikeria gisa, Swiften azken disko guztietan gertatu zaion fenomeno bat kontatu digu: denetan bi abesti kutun izan ditu, eta biak bata bestearen atzetik doaz kasu guztietan. Batetik besterako kontrastearekin gozatzen du "GU"ko esatariak, eta aurten lanetik etxera bueltan "pultsazioak jaisteko" bidelagun ezin hobeak izango direla aurreikusten du.

Ainhoa Vitoriak eta Ainhoa Arroitajauregik ere entzun dute 'Midnights' dagoeneko. Gazteako goizeko formulako gidariei bestelako sentsazioak utzi dizkie diskoak, "oso 'mood' desberdinean" entzun baitute.

Vitoriarentzat, lasaitasunean gozatzeko pieza da Swiften azkena. Abesti gustukoena aukeratzeko eskatuta, lehenengoarekin gelditzen da: Lavender Haze. Swiftek berak azaldu duenez, abestiaren titulua 50eko hamarkadako esapide bat da, maitasunak dakarren hodei edo labanda artean flotatzen egoteko sentsazioa definitzen duena.

Diskoa maisulana iruditu zaion arren, Ainhoa Arroitajauregik "azeleratuta" entzun du Swiften azkena, autoan, eta ez du behar bezala konektatzea lortu. Hala ere, Karma eta Mastermind dira bere gogokoenak, duda izpirik gabe.

Ordu txikietako "ezusteko kaotikoa"

Diskoak argia ikusi eta ordu gutxira sekulako ezustekoa jaso dugu: 13 abestiz osatutako 'Midnights' gutxi balitz bezala, beste 7 kanta berri atera ditu.

Bere Instagram profilean azaldu duenez, diskorako aukeratutako abestiez gain, "magia bilatzeko bidaian" idatzitako beste kantei behar duten lekua ematea erabaki du. Hala, AEBko goizaldeko 3:00etan, "3 am" izeneko zazpi abestidun azpi bilduma atera du.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean