Itxi

Bilbo

Ekimena

Sei urtetik beherako umeek Bilbobus zerbitzua doan erabiliko dute

Agentziak | Erredakzioa

Irailaren 1etik aurrera, sei urtetik beherako umeek Bilbobus doan erabili ahal izango dute. Ekimen horren helburua mugikortasun jasangarria sustatzea da.

  • Bilbobus. (Artxiboko argazkia).

    Bilbobus. (Artxiboko argazkia).

Ostegunetik aurrera, irailak 1, sei urtetik beherako umeek Bilbobus doan erabili ahal izango dute. Orain arte, bakarrik lau urtetik beherakoei salbuesten zitzaien zerbitzua ordaintzetik, baina Bilboko Udalak hartu duen erabakiaren arabera, sei urtetik beherakoek doan bidaiatzeko aukera izango dute.

Neurri horrekin, ume txikiak dituzten familiei Bilbobus garraio publiko jasangarri gisa aukeratzea erraztu nahi dietela azaldu du Alfonso Gil Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotziak. Halaber, familien ekonomian eragin negatiborik gabe familietako kide guztiek Bilbobus zerbitzua erabili izatea erraztu nahi dute. Gainera, hartutako erabaki hori mugikortasun jasangarria sustatzeko helburua du.

Ildo horretatik, inguruko hirietako eta Espainiako hiri nagusietako autobus-zerbitzuek baino prezio merkeagoa eskaintzen duela azpimarratu du Gilek.

Halaber, Artxandako Funikularrean neurri berbera jartzeko asmoa dauka Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Silak. Arrazoi horregatik, Administrazio Kontseiluan sei urtetik beherako umeek doan bidaiatzeko proposamena egingo dute.

2015ean, Bilbobusen bidaiari-kopurua 26 milioitik gorakoa izan zen, Bilboko Udalak eman dituen datuen arabera. Ondorioz, aurreko urtean baino 50.000 bidaiari gehiago egon dira.

Beste alde batetik, Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saila egindako inkestaren arabera, Bilbobus zerbitzuaz erabiltzaileek duten gogobetetze-mailak 7,32 balioa du (hamarretik).