cerrar buscador

11:29

Bilbo

Araudi berria

Ezingo da taberna gehiago ireki Indautxu auzoko kale batzuetan, Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Iparragirre, Poza, Garcia Rivero, Mazarredo eta Ledesma kaleak  "gainezka" daudela uste du Udalak.

  • Ledesma kalea tabernaz gainezka dago. EiTB

    Ledesma kalea tabernaz gainezka dago. EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Bilboko Udalaren osoko bilkurak hala ebakita, aurrerantzean ezingo da taberna berririk zabaldu "gainezka" dauden Bilboko hainbat kaletan. Indautxu eta Zabalgune auzoko hainbat gunetan ostalaritza lizentzia "larregi" daudela uste du Udalak, eta hala, berririk ez ematea ebatzi du. Zehazki, Iparragirre, Poza, Garcia Rivero, Mazarredo eta Ledesma kaleko hainbat zatiri eragiten die debekuak.

EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuaren eta Udalberri taldearen babesa eduki du araudi berriak. PPk eta EH Bilduk zuri bozkatu dute, eta Goazenek, kontra.

Gaur onartutako araudiaren arabera, kaleotan ezin izango da ostalaritzako jarduera berririk ezarri, "gehiago hartzeko gaitasuna agortu" dutelako. 

Debeku honez gain, hainbat gunetako merkataritzarako korridoreak arautu dituzte. Taberna eta jatetxeen arteko distantzia gutxienez 40 metrokoa izango da aurrerantzean kale hauetan: Kale Nagusia (Plaza Biribilaren eta Gregorio de la Revilla kalearen artean), Ertzilla (Moyua plazaren eta Indautxu plazaren artean), Rodriguez Arias (Errekalde zumarkalearen eta Campuzano plazaren artean) eta Nafarroa kalea.

Kale Nagusia (Gregorio la Revilla kalearen eta Jesusen Bihotza plazaren artean), Iparraguirre (Mazarredo eta Santimami zumarkaleen artean) eta Ertzilla (Moyua plazaren eta Mazarredo zumarkalearen artean) kale zatiak hiriko zidortzat jo ditu Udalak, eta 35 metroko distantzia minimoa ezarri du.

Zabalguneko, Indautxuko eta Abandoko gainerako espazioetan ostalaritzako lokalak irekitzeko gutxieneko distantzia 30 metrokoa izango da.

Terrazei ere aipamena egiten dio araudi berriak. Hala, eskakizun bereziak jarraitu behar izango diren hainbat eremu adierazi dituzte, ezarpenaren intentsitate handiarengatik. Irizpideak "uniformitatea eta ireki baino lehen antolamenduko proiektua" aurkeztea dira.

Iruzkinak