Gasteiz
Arabako zaindaria
Milaka arabarrek ospatu dute San Prudentzio jaia Armentiako zelaietan
EITB.EUS | Erredakzioa
Urtero bezala, arabarrek egunaz gozatu ahal izan dute; musika, Haur Danborrada eta barraskilo eta perretxikoen zaporea izan dira protagonistak.
Milaka arabar izan dira ostegun honetan Armentiako zelaietan, San Prudentzio eguna ospatzeko. Arabako zaindariaren jaian, urtero bezala, perretxikoak, barraskiloak eta taloa izan dira protagonistak, bai eta Haur Danborrada (Gasteizko erdigunean egin dute) eta Armentian arratsaldean izandako kontzertua.
Goizean, ehunka lagun izan dira Meza Nagusian; Juan Carlos Elizalde gotzain berriak lehen aldiz eman du, eta bertan hartu dute parte, halaber, hiriko eta probintziako agintariek eta Iñigo Urkullu lehendakariak berak. Ohorezko aurreskuan Pilar Garcia de Salazar ahaldunordea ere izan da.
Arratsaldean, Haur Danborrada ibili da Gasteizko erdigunean, non kolore biziak nagusitu diren; Drindotsek, Armentian emandako kontzertuarekin, dantzan jarri ditu bertan zeuden guztiak, ostegun honetako azken orduetan.
Jaia, nolanahi ere, ez da ostegun honetan amaituko Araban; izan ere, igandean Estibalizko Andre Mariaren omenezko jaia egingo dute.