10:15

Iruñea

Iruñea

TRWko hainbat langile artatu dituzte, kea arnastu ondoren

Agentziak | Erredakzioa

Behargin batzuk ondoezik jarri dira, kea arnastu baitute makina batek su hartu eta gero, eta artatu egin behar izan dituzte.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Sutea izan zen atzo gauean TRW lantegiko makina batean, Landaben industrialdean, Iruñean, eta behargin batzuk artatu behar izan zituzten, kea arnastu baitzuten.

Lantegirako kontrol-kabinan zegoen langileak ohartarazi zuen SOS Nafarroa, 22:10ean, eta industria-nabe batetik kea irteten ari zela jakinarazi zuen. Hori dela eta, Cordovilla eta Trinitarios parkeko suhiltzaileei deitu zieten, eta anbulantzia bat ere bertaratu zen.

Enpresaren segurtasun-protokoloari jarraituz, langileak lantegitik atera ziren, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Kremailera departamentuko makina bat

Suhiltzaileen arabera, kremailera departamentuko makina batean piztu zen sutea, eta 22:32rako kontrolpean zuten; beraz, garrak ez ziren hedatu. 23:13ra arte, dena den, lantegia aireztatzen aritu ziren.

Suteen kontrako TRWren taldeko hainbat behargin artatu behar izan zituzten, kea arnastu zutelako, eta enpresaren seguruarekin adostuta dituzten osasun-zentroetara bidali zituzten ondoren. Ez zuten inoren laguntzarik behar izan zentro horietara joateko.

Lantegia aireztatu ondoren, langileek eguneroko zereginei ekin zieten berriro.

Iruzkinak