Itxi

Herriak eta Hiriak

Sanferminak

Hamar korrikalari zauritu dira, bi adarkadaz, bigarren entzierroan

Agentziak | Erredakzioa

Ganadutegi horretako zezen bat atzean geratu da eta, gutxienez, bost korrikalari zauritu dira. Sei zezenek lau minutu behar izan dituzte ibilbidea betetzeko.

4:14

Gutxienez hamar korrikalari zauritu dira larunbat honetan izandako entzierroan, horietako bi adarkadaz, eta Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.

Tomas Belzunegui Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko zuzendariordeak jakitera eman duenez, egoera larriagoan dagoen korrikalaria estatubatuarra da (J.G., 22 urte), eta udaletxearen parean zauritu da, Mercaderes kalean. Zehazki, ezkerreko besoan zauritu du zezenak, eta goizean ebakuntza-gelara eraman dute.

Bigarren zaurituari dagokionez (35 urteko korrikalari estatubatuarra), zezenak Santo Domingoko Aldapan harrapatu du, eta ipurmasailean egin dio zauria. Pertsona horrek pronostiko erreserbatua du.

AEBko beste korrikalari bat, 68 urtekoa, Nafarroako Ospitalera eraman dute, kolpe handia hartu baitu buruan.

Bi korrikalarik luxazioak izan dituzte besoan; 35 urteko estatubatuar bat eta Castellongo bizilagun bat (R.S.P., 33 urte). Hasieran zezen plazako erietxean bertan artatu dituzten arren, medikuek Nafarroako Ospitalera eraman dituzte.

Era berean, beste pertsona batzuek traumatismoak izan dituzte erorikoen ondorioz. Hala, Salamancako bizilagun bat (J.N.H., 27 urte) pronostiko erreserbatua du, pelbiseko traumatismoa dela eta. Mercaderes kalean zauritutako beste gazte batek (A. M., 21 urte) eskuineko eskuan izan du traumatismoa, eta, madrildar batek (D.H.G., 39 urte), berriz, hankan.

Zaurituen artean bi frantses daude, eta horietako bat (G.D., 21 urtekoa) Mercaderes kalean erori da eta traumatismoak ditu, baina ez dago larri.

Azkenik, 59 urteko amerikar bat (P.C.) Nafarroako Ospitalera eraman dute, udaletxearen inguruan erori eta belaunezurra apurtu duelakoan.

Belzuneguik azaldu duenez, ostiralean sanferminetako lehen entzierroan zauritutako korrikalariek hobera egin dute, baina gaur ez diete alta emango.

bigarren entzierroa 18 efe

2017ko sanferminetako bigarren entzierroa oso luzea izan da, eta Jose Escolarren ganadutegiko sei zezenek lau minutu behar izan dituzte ibilbidea betetzeko. Horietako bat atzeratuta geratu da.

Zezenak taldean atera dira ukuilutik, baina handik metro gutxitara zezen batek norabidea aldatu du eta atzera itzuli da. Bien bitartean, gainerakoek zezen plazarako bideari jarraitu diote, Santo Domingoko aldapan gora.

Batera zihoazen bost zezenek bi minutu eta hamabost segundo behar izan dituzte plazan sartzeko. Orduantxe hasi du ibilbidea atzean geratu den seigarren zezena.

Jose Escolarren ganadutegiak lehen aldiz parte hartu zuenean, 2015. urtean, beste zezen bat ere atzeratu zen, eta ukuilura itzuli zen. Iaz ere, gauza bera gertatu zen, eta entzierroa hasi orduko zezen batek norabidea aldatu eta ukuiluan sartu zen.