Itxi

Herriak eta Hiriak

sanferminak

Cebada Gagoren zezenek entzierro azkarra eta nahasia egin dute

eitb.eus

Lau korrikalari zauritu dira, hiru adarkadaz, eta horietako bat, tafallarra, larri. Gune batean, bi zezen atzean geratu dira, baina, halere, hiru minutu baino gutxiagoan egin dute bat guztiek plazan.

3:01

Cebada Gago Cadizko ganadutegiko zezenak izan dira 2017ko sanferminetako lehen entzierroaren protagonistak. 545-630 kilo arteko sei zezenek lasterketa arina egin dute, uneren batean zaildu bada ere, eta, guztira, lau korrikalari zauritu dituzte, hiru adarkadaz.

Entzierroa arina izan da, hiru pertsona adarkadaz zauritu badira ere; horietako bi estatubatuarrak dira eta, hirugarrena, 46 urteko tafallarra. Estatubatuarretako bat Santo Domingoko Aldapan zauritu du zezenak, bestea, ia udaletxearen parean eta, hirugarrena -nafarra- Estafetan. Azken korrikalari hori larri dago.

AEBko korrikalarietako batek (A.P., 35 urte) toraxen jaso du adarkada eta urradura eragin dio; hori dela eta, ebakuntza-gelara eraman dute. Besteak (E.H., 29 urte) barrabil-zorroaren inguruan izan du zauria. Antza denez, jasandako zauriak gorabehera, bi horiek ez daude larri, Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko zuzendariordeak adierazi duenez.

Hirugarren korrikalariak (46 urteko tafallarra), aldiz, traumatismo handia izan du buruan, zauria kopetan eta adarkada eskumako izterraren atzealdean. Pronostiko larria du.

Argazkia: EFE

Horiez gain, hainbat pertsonak traumatismoak izan dituzte erorikoen ondorioz, ohiko moduan. Gaurko entzierroan zauritutako laugarren pertsona 39 urteko gizonezko irlandarra da; traumatismoak ditu eta pronostiko erreserbatua du. Udaletxeko plazan zauritu da.

Lasterketari dagokionez, gune batean, bi zezen atzean geratu dira, baina hiru minutu baino gutxiagoan (2' 55'') seiek zezen plazan bat egin dute.

Gaurkoa, 1986az geroztik ganadutegi honek sanferminetan egin duen hogeita bederatzigarren lasterketa izan da.

Hala, azken 30 urteotan, gaur arte, Cebada Gagoren zezenek 53 pertsona zauritu dituzte adarkadaz. Iaz, bost minutu baino gehiago behar izan zituzten ibilbidea betetzeko, eta zazpi lagun zauritu ziren adarkadaz.

Argazkia: EFE