Herriak eta Hiriak
Inaugurazioa
Emakumeentzako 'puntu beltz' bat kendu du Barakaldok, pasagune bat irekita
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Desertu Berri eta eta Murrieta lotzen zituen lurpeko pasabidea itxi dute, eta trenbideen gainetik pasagune bat inauguratu dute.
Barakaldoko Udalak Desertu Berriko auzoa eta Murrietako zonaldea lotzen dituen oinezkoentzako pasabidea ireki du, Renfeko trenbidearen gainetik. Pasabideari esker, batez ere emakumeentzat puntu arriskutsua den lurpeko pasabidea itxi dute.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia sailburuak eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateak trenbidearen gainetik eta kaletik joango den 60 metroko oinezkoentzako pasabidea inauguratu dute.
Pasabidearen eraikuntza lanek zenbait urte eman zituzten geldituta Bilbao Ria 2000 sozietateak eraikuntza alde batera utzi zuelako. Hala ere, 2016ko azaroan berriz abiatu zituen Udalak, Jaurlaritzak 1,8 milioiko diru-laguntza eman ziolako.
Udalak hasierako proiektua aldatu zuen pasabidearen bi sarrerak guztiz irisgarriak izateko helburuarekin; beraz, Trenbide Pasealekuan igogailu bat eraiki dute, Desertu Berriaren aldean, udaleko diruarekin ordainduta.
Murrieta kaleko sarreran argi, baranda eta eserleku berriak ipini dituzte, eta Desertu Berriaren aldean, aldiz, bi sarrera sortu dituzte, bata igogailuaren bidez, eta, bestea, aldapa eta eskaileren bitartez.
Bestalde, astelehenean tunelaren sarrera bakoitzean ate metaliko bat ipintzeko lanak hasiko dira, auzotarrei sartzea galarazteko, baina ireki egingo dute mantentze eta garbiketa lanak egiteko.