Herriak eta Hiriak
Operatibo berezia
Bilbao BBK Live jaialdian Altamirako taxi geltokiari eutsiko dio Udalak
Agentziak | Erredakzioa
Auzokideek kentzea eskatu zuten, 'sarbidea kolapsatzen' duela argudiatuta. Udalak mantentzea erabaki du, emakumeentzako 'puntu beltzak' saihestearren.
-
Bilbao BBK Live 2017. Argazkia: EFE
Bilboko Udalak iragarri duenez, Bilbao BBK Live musika jaialdian Altamirako auzoan paratzen duten taxi geltokia bere horretan mantenduko du, "puntu beltzak saihesteko" eta "emakumeak babesteko".
Alfonso Gil Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotzi eta alkateordeak prentsaurrekoa eman du goizean jaialdiari begira Udalak prestatu duen operatibo berezia aurkezteko. Agerraldian atzo Altamira-Arestizabala auzoko Guztientzat elkarteak taxi geltoki horren harira egindako kritikei erantzun die zinegotziak. Auzokideen ustez, geltokia han paratzeak "auzoaren sarbide bakarra dena kolapsatzen du: auzokideak, Bilbobuseko autobusak eta taxiak, denak, oso leku eskasean batzen direlako". Hori horrela, geltokia handik kentzea galdegin zioten Udalari.
Gilek erantzun duenez, Udala irtenbide bat topatzen ari da, "baina ez bakarrik Bilbao BBK Live jaialdiarentzat, hiriarentzat baizik". Hala ere, “puntu beltzetatik igarobideak” sortuko ez dituztela azaldu du, “gure bizilagunak babesteko”. Ondorioz, taxi geltokia leku berean izango da jaialdian zehar.
Esparruak ura edateko 60 iturri izango dituela goraipatu du Alfonso Santiago Bilbao BBK Liveko zuzendariak. Iaz “bisitarien kexak izan ziren, edateko urik ez zegoelako eta komunetan ‘ur ez edangarria’ zioten kartelak aurkitu zituztelako”, EKA kontsumitzaileen elkarteak salatu zuenez. “Aurrena tiro egin eta ondoren galdetu” egiten dela deitoratu du Santiagok. “Jaialdian beti izan dira komunak edateko urarekin”, erantsi du.
Zirkulazioa
Trafiko, segurtasun, garbiketa eta garraio publiko operatibo “garrantzitsua” martxan jarri du Bilboko Udalak. Hala ere, Bilbao BBK Livera joango diren pertsonen laguntza eskatu du Udalak.
Ibilgailu pribatuek murrizketak izango dituzte asteazken honetako 11:30etik igandeko 12:00etara arte. Hala ere, kanpalekura sartzerik ez dute izango uztailaren 15eko 15:00ak arte. Kobetabidea itxita egongo da Basurtu-Kastrexana bidegurutzetik Kobetamendi eta Altamira garagardotegira arte.
Segurtasun arrazoiengatik, baimena duten ibilgailuak, garraio publikoa eta bertako bizilagunak bakarrik sartzen utziko dituzte antolatzaileek.
Bisitariak modu mailakatuan iristeko eta itxaronaldiak murrizteko, esparrura aurrerapen handiz hurbiltzeko gomendioa eman du Udalak.
Nobedade bezala, aurten sarrerak eskumuturrekoekin ordezkatuko dira, esparrura joan baino lehen. Jaialdiaren esparru barruan ez da sarrerak ordezkatzeko aukerarik izango, eta eskumuturreko barik bisitariek ezin izango dituzte doako autobusak hartu.
Doako autobusak
Aurreko urteetan bezalaxe, bisitariek doako autobusak izango dituzte, BBK Liveko esparrura joateko zein itzultzeko. Joaneko autobusak BECetik (Barakaldo), Ansioko metro geltokiaren albotik, zein San Mamesetik (Basurtuko Kaputxinoen bidetik; BAMI eraikinaren atzealdean) abiatuko dira.
Garraio zerbitzu etengabea izango da asteazken honetako 11:30etik igandeko 15:00ak arte. Frekuentziak eskariaren arabera aldatuko dira. 16:00etatik aurrera Beyenako lantegi zaharraren inguruan geratuko dira, eta bertatik bisitariek kilometro bat oinez egin beharko dute jaialdiaren esparrura arte.
Kanpinlariak iaz, Bilbao BBK Live jaialdian. Artxiboko irudia: EiTB
Era berean, kanpinlariek kanpalekura joateko beste linea bat izango dute asteazkenetik aurrera (12:00etatik 00:00etara), eta 24 orduz jaialdiaren hiru egunetan zehar, kontzertuetara joateko zein kanpalekura itzultzeko.
Metro zerbitzua
Bestalde, Bilboko metroak zerbitzua indartuko du asteazken honetan (Athleticen partidatan egin bezala), Moyuako geltokia eta Basauri, Plentzia eta Kabiezesekin lotzeko. Horrela, Guggenheim Museoaren zelaigunean Jamie xx-en kontzertua amaitu ondoren abiatuko dira azken metroak.
Era berean, Bilboko metroak zerbitzu bereziak eskainiko ditu ostegun gauean, 23:00etatik 00:00etara, Florence+The Machine taldearen kontzertura joan direnen itzulera errazteko; Kabiezes eta Plentzira bidean 40 minuturo abiatuko dira konboiak. Ostiralean eta larunbatean, ostera, metro zerbitzu etengabea izango da gau osoan.
Taxi
08:00etatik 16:00ak arte taxiek bidaiariak utzi ahal izango dituzte kontzertu esparru inguruan. Ordu horretatik aurrera, jaialdi esparrura doazen taxiek bidaiariak Altamira auzoan utziko dituzte. Era berean, uztailaren 12, 13 eta 14ko gauetan taxi geltoki bat egongo da bertan, eta beste bat Telmo Zarra kalean (San Mames futbol zelaiaren ondoan).
Bilbao BBK Liveko kontzertuak martxan jarri ahal izateko ibilgailuak eta gainerako beharrezko tresnak gordetzeko, Kobetamendiko autokarabanentzako udal eremua itxita dago ekainaren 26tik, eta itxita egongo da uztailaren 19ko 10:00ak arte. Bilboko Udalak doako aparkalekua erabilgarri jarri du autokarabanentzako egun horietan zehar BECeko (Bilbao Exhibition Centre) biltegien kanpoaldean, autokarabanazaleak aparkatu ahal izateko.
Azkenik, bazterrak garbitzen egunero batez beste 30 langile eta 15 ibilgailu egongo dira lanean, kamioiak eta kale garbigailuak hain zuen ere. Edizio honetan berriz ere indartuko da jaialdiko segurtasuna, eta horretarako Ertzaintzak, Udaltzaingoak eta Bilbao BBK Liveko segurtasun langileek operatibo berezi koordinatua gauzatuko dute bertaratuen ongizatea bermatzeko, bai jaialdi esparru barnean, baita inguruetan ere.