Herriak eta Hiriak
Hirigintza
Udalak Iparragirre kalea txukunduko du Guggenheim eta Azkuna Zentroaren artean
Agentziak | Erredakzioa
Espaloiak zabalduko dituzte oinezkoei lehentasuna emateko; espaloiak, gainera, galtzadaren kota berean egongo dira, eta zirkulazio-erreia, orain arte bezala, noranzko bakarrekoa izango da.
-
Iparragirre kalearen txukuntzea. Argazkia: Bilboko Udala
Bilboko Udalak Iparragirre kalea txukunduko du, Guggenheim Museoaren eta Azkuna Zentroaren arteko ardatz izateko. Lehentasuna emango zaie oinezkoei, espaloiak zabalduta; 3,5 metroko espaloiak 5,5 metroraino zabalduko dira.
Gainera, espaloiak galtzadaren kota berean egongo dira, eta zirkulazio-erreia, orain arte bezala, noranzko bakarrekoa izango da. Aparkalekuak kendu egingo dituzte oraingoz, baina berriro jarriko dira laster, Juan Ajuriagerra kalean aparkalekuak berrantolatu ondoren.
Guggenheim Museoaren inguruari trataera berezia emango zaio, eremu horrek egin dezan Museoaren atari aurrekoarena eta museoko jardueraren eta programazioaren parte ere izan dadin.
Argiztapenak berebiziko garrantzia izango du jarduketa-eremu osoan. Sigi-sagan egongo den katenaria batek lotuko ditu zutoinak, eta led motako argi linealak ipiniko dituzte horietatik zintzilik , ausazko marrazkia osatuz, inguruari dinamismoa eman eta Guggenheim Museoarekin nahiz Azkuna Zentroarekin lotzeko.
Mugimendu itxura hori areagotu egingo da bi gunetan: San Jose plazan eta Guggenheimen inguruan. Sabai itxurako batean, led argiak jarriko dira linean, aramu-sarea osatuz lurretik zazpi metroko altueran. Espaloia eta galtzada ere led tira batek banatuko ditu, eta, gainera, semaforoekin koordinatuta, kolorea aldatuko zaio, oinezkoei abisatzeko.
Berritu ostean, itxura hau izango du. Irudia: Bilboko Udala
Era berean, hiriko altzariek ere garrantzi berezia izango dute. Batez ere, 11 terrazetakoak, horiexek dira-eta baimena berritu ahal izango duten bakarrak. Ez da terraza gehiagorik onartuko. Esparru osoko hiri-altzariak zurezkoak izango dira, inguruari batasuna eta dotorezia emateko. Jardinerak ere egongo dira, loreontzi handien itxurakoak.
Orain dauden zuhaitzen ordez gereziondo japoniarrak landatuko dira. Loratze bereziko espeziea da, ez da altuegia eta ez du kopa handiegia; egokia kaleari argitasunik ez kentzeko. Kolore berdeagoa eta neutroagoa duten beste espezie batzuk tartekatuko dira. Egun bertan dauden zuhaitzak kendu eta hiriko beste gune batean jarriko dira.
Honako hau Iparragirre kalea lasaiagoa izateko aurreneko urratsa da; ondoren etorriko dira beste batzuk, irizpide berberei jarraituta. Hala ere, tarte bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuko dira irtenbideak proposatzeko. Lehen fasearen aurrekontua 1,8 milioi eurokoa da, lanak 12 hilabetean egingo dituzte eta lanak 2019an hasiko dira.
Guggenheim Museoaren eta San Jose plazaren arteko tartea. Irudia: Bilboko Udala