Itxi

Herriak eta Hiriak

GABON ZAHAR GAUA

Gabon zahar gauean material piroteknikoa arretaz erabiltzea eskatu du Bilboko Udalak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Gainera, legez kanpoko materiala atzemateko kanpaina abian jarri du. Iaz, ia 81 kilo atzeman zituen.

  • Su artifizialak Bilbon

    Su artifizialak Bilbon. ETBren bideo batetik ateratako irudia

Gabon gauean gertakarien gorakada izan ondotik, Bilboko Udalak material piroteknikoa arduraz erabiltzea gomendatzen du. Gainera, legez kanpoko materiala atzemateko kanpaina jarri du martxan.

Iaz, legez kanpoko ia 81 kilo atzeman zituzten eta aurten, ostera, 9 kilo atzeman dituzte salmentarako baimenik ez zuten Bilboko bi saltokitan. 2016an 22 kilo konfiskatu zituzten eta 2015ean, berriz, 37.

2017an konfiskatutako materialaren gorakada nabarmena izan zenez, Bilboko Udalak material piroteknikoaren manipulazioak dituen arriskuez kontzientzia hartzeko eskatu die hiritarrei. Horrez gain, suziri eta petardoen jaurtiketa saihestea eskatu du, batez ere, Gabon zahar gauean.

Tomas del Hierro Bilboko Segurtasun zinegotziak azpimarratu duenez, iazko Gabonetan 17 sute izan ziren Bilbon; horietatik 10 Gabon zahar egunean gertatu ziren eta gehienek material piroteknikoaren erabilerarekin lotura zuten.

Bestalde, Udala "kontrol sakonak" egiten ari da egunotan, baimenik gabeko material piroteknikoaren salmenta eragozteko.