Itxi

Herriak eta Hiriak

SANFERMINAK

Zezenek korrikalari bat adarkatu dute sanferminetako bosgarren entzierroan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek 2 minutu eta 50 segundoan egin dute ibilbide osoa. Halaber, beste bost lagun eraman dituzte osasun zentroetara, kolpeekin.

Victoriano del Rio ganadutegiko zezenen entzierro zirraragarria

Sanferminetako bosgarren entzierroa aurtengo mantsoena izan da. Zezen taldea luzatuta joan da eta horrek hobeto kokatzeko eta lasterka egiteko aukera eman die korrikalariei. Korrikalari bat adarkadaz zauritu dute besoan eta beste bost osasun zentroetara eraman dituzte, kolpeekin.

6 zezenek 2 minutu eta 50 segundoan egin dute ibilbide osoa. Azken zezena segundo batzuez zezen plazan gelditu da, baina azkenean ezustekorik gabe ukuiluetara bideratu dute.

Guztira, sei pertsona eraman dituzte Nafarroako Ospitale Gunera. Telefonicako zatian adarkadaz zauritutako korrikalaria 27 urteko gizon valentziar bat da eta besoan du zauria. Larrialdietako taldeek aztertu ostean, operatu egingo dute eta ospitaleratuta geldituko da.

Ospitaleratutako beste bost lagunek traumatismoak eta kolpeak dituzte.

Emozio gehiagoko entzierroa

Santo Domingoko zatian ez da aparteko gorabeherarik izan, baina azken zatian, udaletxe plazaren sarreran, ezkerretik zihoan zezen beltz bat paretaren alboan zegoen korrikalari batengandik oso gertu igaro da.

Udaletxeko zatian eta Mercaderesen ez da gertakari nabarmenik izan. Taldeak ez du irrist egin eta bat eginda hartu du bihurgunea.

Joaldunak buruan zirela iritsi da taldea Estafeta kalera eta bat eginda atera da bertatik, korrikalarien beraien aurrean lasterka egitea eragotziz.

Lasterketak aurrera egin ahala, taldea luzatu egin da eta horrek lasterka egiteko aukera eskaini die korrikalariei.

Estafeta kalearen amaieran, taldea hirutan banatu da. Aurretik bi zezen eta joaldunak joan dira eta 2 minutu eta 13 segundoan sartu dira zezen plazako ukuiluetara.

Horien atzetik, segundo gutxi batzuetara, beste bi zezen sartu dira.

Azkenik, beste bi zezenek bakarrik egin dute Telefonicako eta kallejoiko tartea eta hainbat korrikalari aurretik eraman dituzte. Bi horietako bat segundo batzuez zezen plazan gelditu da, baina azkenean ukuiluetara bideratzea lortu dute.

Lasterkarien protesta ekitaldia

Ohiko lasterkari askok zezenen aurrean korrika egitea eta horien abiadura jarraitzea geroz eta zailagoa dela salatu dute. Horri azken urteotan irrist ez egiteko ibilbidean zehar botatzen duten likidoa gehitu behar zaio.

Protesta horren baitan, korrikalari batzuek eserialdia egin dute entzierroa hasi baino minutu batzuk lehenago. Atzo sare sozialen bitartez deitutako protestak, ordea, ez du oihartzun zabalik izan korrikalarien artean.