Itxi

Sanferminak

2015eko sanferminak

Dena prest Iruñean, txupinazoaren atarian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Dena prest dute Iruñean sanferminetako txupinazoari ekiteko. 12:00az geroztik, musikan, zezenetan eta gastronomian murgilduko dira iruindarrak eta turistak.

  • Iruñeko kaleetan jendetza bilduko da egunotan. Argazkia: EiTB

Dena prest dago Iruñean astelehen honetan 2015eko sanferminetako jaiei hasiera emateko. Aurtengo jaiek 450 ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte, eta gehienak musikarekin lotutakoak izango dira. Jaiak eztanda egingo du gaur, 12:00etan, Udaletxetik botako duten txupinazoarekin, alegia. eitb.eus-ek ZUZENEAN eskainiko du txupinazoa.

Aurten Iruñeko Orfeoiko eta Veleta peñako ordezkariek batera botako dute txupinazoa. Lehendabizikoek sortu zirenetik 150 urte bete dituztelako, eta bigarrenek, berriz, sanferminetan horren ezaguna den janzkera zuri eta gorria sortu zutenak izan zirelako. Iruñeko Orfeoiaren izenean Javier Aranegi izango da, eta Veleta peñaren izenean, berriz, Chantal Estrada Honorino Artetaren loba.

IRUÑEKO UDALETXE PLAZA PLATA DEL AYUNTAMIENTO DE PAMPLONA SANFERMINAK 2015 EFEGainera, txupinazioa zuzenean jarraitu ahal izango da Iruñeko hainbat puntutan Udalak kokatutako bost pantaila erraldoiei esker: Gaztelu Plazan, Sarasate Pasealekuan, Foruen Plazan, Antoniutti parkean, eta Carlos III kalearen eta Orreaga Pasealekuaren arteko zonaldean.

Aurtengo berritasun gisa, gaiteroak arituko dira Gaztelu Plazan txupinazoa jaurtitzeko ekitaldian. Geroago, Alde Zaharrean ibiliko dira, musika-taldeekin batera, ohikoa den bezala.

Jaiaz gozatzeko deia

Joseba Asiron Iruñeko alkateak jaiaz "gozatzeko" deia egin die herritarrei, eta "elkarbizitzarako" deia egin du. "Pertsonalki, ilusioz beteta nago, zentzu askotan, sanferminetako jai oso diferenteak izango baitira aurtengoak, errespetuari dagokionez, bereziki", azpimarratu du.

Bestalde, Asironek esan duenez, udal-bandoa aldatu du, eta aurten Udaletxe Plazara banderekin sartzeko baimena eman du, beraz, ikurriña bertan izango dela baieztatu du.

450 ekitaldi baino gehiago

Egitarauari dagokionez, 459 ekitaldiz gozatzeko aukera izango dute Iruñean bildutakoek. Jarduera horietatik, % 71 musikarekin lotuta egongo dira. Kontzertuak Foruen Plazan egingo dituzte, eta zuzenean arituko diren taldeen artean, nabarmentzekoa da The Wailers.

Beste 82 ekitaldi umeekin eta familiartean gozatzeko pentsatuta daude, besteak beste, erraldoi eta buru handien agurra hilaren 14an Udaletxe Plazan. Jarduera hori aurreko urteetan izandakoa baino interaktiboagoa izango da.

Gainera, bederatzi piroteknia lehiatuko dira Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan, eta guztien artean, 6,2 tona lehergai zeruratuko dituzte.

SANFERMINAK2014 SANFERMINES EFEBestalde, entzierroek ere bereziko garrantzia izango dute jaietan, ohikoa denez. Hilaren 7an Jandillako ganadutegiko zezenak izango dira; hilaren 8an, berriz, Tajo-La Reina ganadutegikoak; hilaren 9an, Victoriano del Rioko zezenak; hilaren 10ean, Fuente Ymbroko ganadutegikoak; hilaren 11, Escolar Gilekoak; hilaren 12an, Conde de la Mazakoak; Garcigrandekoak hilaren 13an; eta hilaren 14ean, ordea, Miurakoak.

3.350 agentek jaietako segurtasuna bermatuko dute

3.350 polizia-agente izango dira aurtengo sanferminetan, jaietako segurtasuna bermatzeko asmoz. Halaber, zaintza areagotuko dute, eta arrisku-zonaldeetan argiztapen handiagoa jarriko dute, xede izanik sexu-erasoak saihestea.

Horren harira, sexu-erasoak prebenitzeko operatibo berezia abiarazi du Udalak, sexu-askatasunaren gainean ohartarazteko. Horretarako, "Sanferminetan, berdintasuna" izeneko kanpaina prestatu dute, eta informazioa eskaintzeko gune bat jarriko dute Gaztelu Plazan.

Gainera, Carmen Alba Nafarroan Gobernuak duen ordezkariak gogora ekarri duenez, genero-indarkerian espezializatutako telefonoa dago eskura (016), edozein sexu-erasoa salatu "lehenbaitlehen" salatu ahal izateko.

Hotelen betetzea

Urtero bezala, milaka turista iritsiko dira egunotan Iruñera eta, hori dela eta, zerbitzuak eta langileak indartu dituzte hoteletan eta tabernetan, bereziki. Hotelen harira, Esther Sanz Iruñeko Hotelen Elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, uztailaren 6tik 14ra bitartean, hotelen % 77,27 bataz beste okupatuta daude. Hala ere, ehuneko hori gainditzea espero du.

Bestalde, Teresa Fernandez Trivago Interneteko webgunearen Harreman Publikoetarako Espainiako bozeramaileak adierazi duenez, datozen egunetarako logelen bataz besteko prezioa 284 eurokoa da. Ekainarekin alderatuta, hilabete honetan prezioak % 76 garestitu dira.MAM-eko argazkia: sanfermin_

Jarraipen berezia eitb.eus-en eta ETBn

Euskal Telebistak astelehen honetan hasiko diren San Fermin jaien jarraipen zabala egingo du. Gauzak horrela, Iruñeko kaleetan biziko den giro eta ekitaldi nagusien lekuko izango da ETB bederatzi egunez.

Txupinazoak emango die hasiera San Fermin jaiei, astelehenean, uztailaren 6an, eguerdiko 12:00etan. ETB1ek eta eitb.eus-ek 11:15ean egingo dute bat Iruñeko Udaletxeko plazarekin, ekitaldia zuzenean eskaintzeko. Festen hasiera ez ezik, Euskal Telebistak San Fermin jaiak agurtuko dituen 'Gaixoa Ni' ekitaldia ere eskainiko du uztailaren 14an.

Gainera, ETB1ek 'Sanferminak 2015' saio berezia eskainiko du astelehen eta asteartean, 22:25etik aurrera, Ilaski Serranok eta Julian Iantzik aurkeztuta. Asteleheneko saioari dagokionez, txupinazoa nola irten den, lehenengo egunak emandako irudi nagusiak, erreportajeak eta zuzeneko konexioak izango dituzte.