eitb.eus orrialdera linka
Hiru3-ko homera linka

3kluba

Plazan

'3TXULO'ko 2ttor Euskal Eskola Publikoaren jaian izango da, gaur, Lekeition

Euskal Eskola Publikoaren 'Zapran gagoz' jaia ospatuko da gaur Lekeition, eta HIRU3 haurren klubak bere gunea izango du plazan. Gainera, '3TXULO' saioko 2ttor pertsonaiaren bisita ere jasoko dugu.

Euskal Eskola Publikoaren ‘Zapran gagoz’ jaian HIRU3 gunea izango da gaur, ekainak 3, Lekeition, eta hainbat ekitaldi izango dira bertan gaztetxoenei zuzenduta. Hain zuzen ere, herriko plazan bilduko dira haurrentzako jarduerak, eta hantxe izango da Gorritxo galtzagorri maitatua umeak agurtzen, eta berarekin argazkia ateratzeko aukera izango dute bertara joaten direnek. Gainera, '3TXULO' saioko pertsonaien irudiekin txapak egiteko tailerra ere egongo.

Horrez gain, haurrak EiTBren Hiru3 ume eta gaztetxoentzako klubaren kide egin ahal izango dira bertan. Handik egun batzuetara jasoko dute ongietorria emateko eskutitza, eta hainbat abantaila izango dituzte Hiru3ko bazkide izateagatik.

Baina, bisitarik preziatuena 13:00etan iritsiko da, izan ere, ‘3TXULO’ko 2ttor pertsonaiaren bisita jasoko dugu HIRU3 gunean bertan. Hara hurbiltzen direnek, 2ttorrekin argazkia ateratzeko aukera izateaz gain, berak sinatutako postal pertsonalizatuak jasotzeko aukera ere izango dute.

Argazkiak, webgunean ikusgai

Euskal Eskola Publikoaren Jaian ateratako argazkiak HIRU3ren webgunean jarriko ditugu ikusgai. Halaber, EiTBk, aurreko urteetan bezala, euskararen aldeko jaien zabalkundea egingo du bere hedabideetan, eta horien inguruan jazotzen den guztia kontatuko du.

‘Zapran Gagoz’ lelopean ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren jaia aurten, Lekeition. Arrantzaleek harrapaketan zorte ona dutenean erabiltzen duten esamoldea. Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea eta hezkuntza komunitatea 1994an hasi ziren festa hau antolatzen, hezkuntza sistemaren "ardatza" eskola publikoa izan behar dela aldarrikatzeko.