Itxi

Albisteak

Asteartean

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Arte Ederren Museoa, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

08:30 aldera elkarrizketatuko dugu Uriarte. Bestalde, 09:30ean, Bilboko Arte Ederren Museoan bisita egingo dugu teknikari batekin eta Itxaso Mendiluze arte komisarioarekin.

  • Bilboko Arte Eder museoa

    Argazkia: www.museobilbao.com/eu/

Hezkuntza itunerako oinarriak eragileei aurkeztu eta biharamunean, Cristina Uriarte sailburua elkarrizketatuko dugu 'Faktoria'n. 09:30ean, Bilboko Arte Eder Museora joango gara, 110. urteurrenean prestatu dituzten erakusketa eta eraberritze lanak bertatik bertara ikustera. Magazinean, 'Sukaldari Dema' tartean, Joseba Usabiaga aktorearen hozkailua arakatuko dugu, eta han dagoenarekin egin beharko dute otordua Pili Manterola eta Igor Zalakainek.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustiza gidariaren eskutik. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Amatiñoren zutabea entzungo dugu. 08:00etan, Joseba Barandiaran ekonomia adituaren tartea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Maite Ubiria, Iñaki Galdos eta Iker Rioja, eta tarte horretan elkarrizketatuko dugu Cristina Uriarte sailburua. 09:30 aldera joko dugu Bilboko Arte Ederren Museora, Cesar Otxoa museoko teknikariarekin eta Itxaso Mendiluze arte komisarioarekin.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du gidaritza, magazinari ekiteko. Hasteko, Kanadako marka komertzialak ezagutuko ditugu Joseba Kamio publizistarekin. Maysharen 'Arts&Science' tartea entzungo dugu gero, eta 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu 10:30ean, Jokin Aldazabal lankidearekin.

11:00etako kirol aurrerapenaren ondoren, Hazparneko Xuriatea pizzategiko pizzak ezagutuko ditugu. Aurten ere, Frantziako pizzarik onena izateko lehiaketan hartuko dute parte. Zoriontsu zerk egiten gaituen galdetuko dugu. 'Direnak eta ez direnak' aztertuko dituzte jarraian Nerea Ibartzabalek eta Xabier Amurizak.

12:00etan, 'Sukaldari Dema'n, Joseba Usabiaga Handia filmeko aktorearen hozkailuan topatuko dituzten osagaiekin proposatuko dituzte errezetak Pili Manterolak eta Igor Zalakainek. 12:30ean, gainera, Etxebarriko kale katuak zaintzeko taldeaz hitz egingo digu Joshua Miraballesek. 

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.