Faktoria
Alkoholiko Anonimoak
'Alkoholismoa oso gaitz 'demokratikoa' da: edozein harrapa dezake'
Igande honetan, ekainaren 10ean, Alkoholiko Anonimoak Elkarteak 83 urte beteko ditu. Donostiako Karmelo Ikastetxean, goizeko hamarretan hitzaldia antolatu dute
-
15:34 min
Ekainaren 10eko hitzaldia bi alkoholikok, bi senidek eta mediku batek eskainiko dute. Alkoholiko Anonimo Elkarteak 83 urte betetzen dituen egunean bertan. Urteurrena ez da borobila, baina alkoholismoak eragiten duen sufrimendutik askatzeko modua badagoela esateko, ez da egun seinalaturik behar. Edan gabeko egun bakoitza, Alkoholiko Anonimoentzat, egun seinalatu bat ere badelako.
Andoni (izen faltsua) Donostiako Alkoholiko Anonimoetako kideetako bat da. Gure gizarteko ohituretan eta bizitza sozialean hain errotua eta hain normalizatua dagoen alkohol kontsumoari aurre egiteko laguntza zein beharrezkoa den azaldu digu. Berak dioenez, 'alkoholismoa oso gaitz 'demokratikoa' da: edozein harrapa dezake' eta. Berak kontatu digu oraindik ere gizarteak ez duela ikusten alkoholismoa gaixotasun bezala, eta gehiago borondatearen huts bat edo baita deprabazio bezala ere. Baina hori da: gaixotasuna. Munduko Osasun Erakundeak horrela du aitortua.
Gaixotasunean, baina, alkoholikoak bere gaitzari aurre egiteko izango duen oztoporik handiena bere burua izango da. Andonik kontatu digunez, alkoholikoak bere burua engainatzen du eta gezurrak kontatzen dizkio, bai bere buruari eta bai bere ingurukoei ere, eta arazoa dutenak beti besteak izango direla esango du. Horregatik, mendekotasunari aurre egiteko lehenengo pausoa norberarekin zintzoa izatea izango da. Zintzotasunetik, bi galdera egin beharko genizkioke geure buruari. Batetik, edaten dugunean zer gertatzen zaigun aztertu beharko dugu eta baita edaten ez dugunean ere nola gauden, zer sentitzen dugun. Entzun hemen elkarrizketa osoa.