Faktoria magazina
Famosoen alabak
Hiru harribitxi: Gratxina, Alaia eta Joana
Gratxina Lertxundi Zugasti, Alaia Phillips Ducau eta Joana Moso Urkia ezagutu ditugu. Gazteagotan guraso ezagunak izate hori ez zuten hain ondo hartzen, baina orain harro daude.
-
Gratxina, Alaia eta Joana
21:53 min
Benito Lertxundi eta Olatz Zugasti-ren alaba da Gratxina. Gurasoen lanbideari oso lotuta dabil, Kantaita-Enea zigilua sortuta. Jendaurrean aritzea kostatzen zaio, baina ari da gustua hartzen horri ere. Normalean bakarrik dagoenean abesten duen arren, jendaurrean ere abestu izan du. Arraunean ibili zen garaian ez zuen loturarik nahi gurasoen kantu munduarekin, baina orain beste modu batera ikusten du eta "admirazio" puntu bat ere sentitzen du gurasoekiko.
Mixel Ducau eta Caroline Phillips-en alaba da Alaia. Jaio orduko kantua egin zioten gurasoek eta orain, 25 urterekin Parisen bizi da, antzerkiarekin eta musikarekin lotuta. "Les Harpies ou Chiennes de Zeus" izeneko musika taldean ari da eta "Ceux qui ne sont rien" antzerki taldean ere bai. Orain, adibidez, Britney Spears-en bizimoduan oinarritutako antzezlan batekin dabiltza. "Anton Abbadia, Dublinetik Hendaiara" izeneko ikuskizunean ere abesten du Mixel Ducau aitaren alboan. Horrez gain makilaia ere gustukoa du Alaia Phillips Ducau gazte artistak.
Roberto Moso eta Amaia Urkia-ren alaba da Joana. 19 urte ditu eta zuzenbidea ari da ikasten. Musika oso presente du bere bizitzan. Pianoa eta gitarra jotzen ditu eta abesten ere ibili da abesbatza batean. Irratia beti piztuta izaten dute etxean eta kazetaritza ere gustuko du, informazioa gertutik jarraitzen du. Aitak asko mimatzen duela aitortu digu, "Txikitan ere lotarakoan ipuin asko irakurtzen zizkidan eta abestu ere bai, asko". Itxuraz amaren antza hartzen dio bere buruari baina izakeraz aitarena gehiago.