Faktoria
Aktore eta triatleta
Nerea Mazo: "Esaten didatenean 'ostras, Aitorren alaba' aitarekiko kariñoa igertzen dut; niretzat itzela da"
Nerea Mazo aktore gazteari behin baino gehiagotan gertatzen zaio aita zenaren lagun eta lankideekin lan egitea. Adibidez "Go!azen" telesailean. Nikole-ren pertsonaia egin zuen eta beretzat lehenengo "paper potentea" izan zen. Aitortu digu "eskola garrantzitsua" izan dela "Go!azen".
-
Nerea Mazo Euskadi Irratian
29:45 min
Nerea Mazo aktore bilbotarrak Go!azen telesailaren aurretik paper txikiak egin zituen, zinean eta telebistan. "Beti nahi izan dut aktore izan" esan digu. Aitor Mazo aktorea zuen aita, duela 8 urte 53 urterekin bihotzekoak emanda hil zena eta askotan aitari eskatuta, han eta hemen paper txikiak lortzen zituen. Go!azen telesaileko lanaren ondoren, paper garrantzitsuagoak egiteko aukera sortu zaio. Adibidez Imanol Rayo-ren "Hil kanpaiak" filmean aritu zen, Antzerkian Ttanttaka konpainiaren "Ameriketako bidaia" lanean egin zuen debuta eta duela gutxi Netflix-eko "El silencio" telesaileko lehenengo eszenan bera da protagonista.
Euskal Telebistako "Itxaso" telesailean ere protagonista izango da eta estrenatzeko desiatzen dagoela aitortu digu.
Madriden aktore ikasketak egiten ari da Nerea Mazo, baina udan Bilbora itzultzen da eta une honetan ETB-ko "Gora Bihotzak" saioan erreportari lanean ere ari da.
Aktore lanaz gain, bere kirolari izaeraz ere aritu gara Faktorian aktore gaztearekin. "Triatloia maite dut" erronkan parte hartu eta Lekeitioko Triatloian hartu du parte eta gogor ari da entrenatzen datozkion beste kirol erronka batzuetarako. Beraz, Nerea Mazo, aktore eta kirolari.