Itxi

Osasun etxea

Tximino-baztanga

Felix Zubia: "Munduan txertoen bidez desagertarazi den gaitz bakarra da baztanga"

T. S. J. | EITB MEDIA

Donostia Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak Euskadi Irratian argitu duenez, kontaktu estutik sortutako gaitz bat da tximino-baztanga: "derrigorrezkoa da zauriak ukitzea, oso gertu egotea edo sexu-harremanak izatea".

  • Hainbat botika

    Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburua. EITB MEDIA

    28:54 min
imagen player
imagen player
imagen player

Euskal Autonomia Erkidegoan tximino-baztanga hiru kasu baieztatu diren une honetan, gaitz hori espero bezala garatzen ari dela ondorioztatu du Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak. "Tximino-baztanga kasu berriak izaten ari dira, espero zen moduan, transmisio-kateak abiatu zirelako eta inkubazio tarte horretan gaudelako", adierazi du medikuak Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan.

Argitu duenez, kontaktu estutik sortutako gaitza: "derrigorrezkoa da zauriak ukitzea, oso gertu egotea edo sexu-harremanak izatea". "Hau jakinda, garrantzitsuena litzateke isolamendu neurriak betetzea: susmoa duenak laguntza eskatu dezala, isolatzea eta inguruko kontaktuei abisatzea", gomendatu du.

Herritarren artean txertaketa zabaltzearen egokitasunez, Zubiak esan duenez, "1980ra artekoak txertatuak gaude; eztabaida egon liteke hortik aurrerakoak txertatu ala ez". Donostia Ospitaleko ZIUko arduradunak argi du: "txertaketa zabaltzea ez da beharrezkoa, oso kasu gutxi direlako; horiek modu arinean pasatzen ari direlako gaitza, eta ospitaleratzeak oso-oso bakanak dira".

Amaitzeko, Zubiak gogoratu duenez, baztanga da "txertoen bidez munduan desagertarazi zen gaitz bakarra. Eta hori osasungintzaren eta zientziaren lorpen handia da".

Koronabirusa 

Covid-19aren gainean galdetuta, Zubiak nabarmendu du "egun daukagun maila altua" dela, "horrek esan nahi du kalean dabilela, bere gorabeherekin, baina nahiko egonkor". Beti bezala, norberaren burua babesteko neurriak hartzeko gomendatu die talde zaurgarrienei, hau da, inmunitate arazoak eta gaitz kronikoak dituztenei eta adinekoei.

Etorkizunera begira, birusekin aurreikuspenak egitea oso zaila dela azpimarratu du. Dena dela, hiru arrisku aipatu ditu: omikron aldaera mantentzea, birusa endemiko izatetik epidemikoa izatera pasatzea eta, azkenik, aldaera berria sortzea, azken finean, birusa "munduan libre dabilelako". Esaterako, Ipar Korean "goraldi handian daude, txertaketa oso eremu txikira zabaldu zuten, eta baliteke hortik aldaera berria sortzea".