Itxi

Artea

Maiatzak 18

Bisita gidatuak eta doako sarrera, Museoen Eguna ospatzeko

Erredakzioa

'Museoak gizarte-harmoniarako' goiburuarekin, euskal museoek bat egingo dute nazioarteko ospakizunarekin. Gipuzkoako zentroen eskaintza biltzen duen museosdegipuzkoa.net web gunea inauguratuko dute.

1977tik, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da maiatzaren 18an. Ospakizun horretarako goiburu bat plazaratzen du urtero Museoen Nazioarteko Kontseiluak, museoen jarduera gizarteari gerturatzeko helburuarekin. Aurtengoan ''Gizarte armoniarako museoak'' izan da aukeratutakoa. Bisita gidatuak, doako sarrera eta programazio bereziak antolatu dituzte euskal museoak egun berezi honetan gizarte armonia horrekin bat egiteko.

Bilboko Arte Eder museoan, adibidez, sarrera doakoa izango da egun osoan zehar, bai bilduma iraunkorra ikusteko, zein une honetan ikusgai diren aldi baterako erakusketetarako: Pedro Pablo Rubensen Deidamiaren bahiketa obra gonbidatua eta Balenciaga. Mugaren diseinua erakusketa. Bizkaiko hiriburuko Berreginen Museoan, bestalde, ikastetxeetako ikasle taldeentzako jarduera berezia antolatu dute: Tenderete taldearen txotxongiloen bitartez, Greziako mitologia ezagutzeko aukera izango dute txikienek. Arratsaldean, Munduko hiritarrak izeneko doako bisita gidatu berezia izango da bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoakomuseoak.net / museosdegipuzkoa.net web gunearen aurkezpenarekin ospatu nahi du aurtengo Museoan Nazioarteko Eguna. Bertan, Gipuzkoako museoen eskaintza zabala bildu dute, eta eguna ospatzeko antolatu diren hainbat ekintza ere batu dituzte. Tartean, Untzi Museoak plazaratutako eskaintza: maiatzaren 18an sarrera eta audiogiden zerbitzua doakoak izango dira, eta Kontxako Estropaden historia izeneko tailer didaktikoa inauguratuko dute.

Araban Arte Ederren Museoan aurkituko dugu proposamenetako bat. Bertan Jose Ramon Diez Unzuetak gidatutako doakoa bisitan parte hartzeko aukera izango da.

Nafarroako Museoen Sareak ere bat egingo du ospakizunarekin, eta doako sarrerak, bisita gidatuak, kontzertuak, tailerrak eta bestelako jarduera batzuk ere antolatu ditu.