Itxi

Artea

Bilbon

Berreginen Museoko lanak zetadun gasaz jantzi ditu BAD jaialdiak

Erredakzioa

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdiak azken sortze-berrikuntzak erakutsiko ditu. Aurtengo edizioan zortzi erabateko estreinaldiak izango ditugu ikusgai.

Abian da BAD Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen Jaialdia. Datorren azaroaren 7ra arte, arte eszenikoen proposamen abangoardistenak erakutsiko ditu. Alberto Etxebarrieta euskal moda diseinatzailearen instalazio bereziak hasiera eman dio aurtengo 12. edizioari. Etxebarrietak Berreginen Museoko zenbait lan zetadun gasaz jantzi ditu.

Eszenatoki desberdinek hartuko dituzte aurten BAD jaialdiaren ekitaldiak, tartean, Campos Eliseos Antzokia, La Fundición eta Bilborock aretoak. Datorren azaroaren 5era arte Campos Eliseos Antzokiak jaialdiaren estreinaldirik nabarmenenak hartuko ditu: El mapa no es el territorio, Cambaleo Teatro konpainia madrildarraren eskutik eta Histrión Teatro Granadako taldeak zuzendutako Del maravilloso mundo de los animales: los corderos. Igaro den irailean Huescako Antzerkia eta Dantza Jaialdian, Biran dagoen Antzerki Ikuskizun Onenaren saria jaso zuen muntai honek.

Beste estreinaldiak izango ditugu ikusgai La Fundación egoitzan: Tuniseko Radhouan El Meddeben Quelqu´um va danser eta Calla y Come, Pako Revueltas euskaldunak zuzentzen duen La Cocina konpainiarena. La Merced aretoan ikusgai izango dira, besteak beste, Organik taldearen Maniati@s emanaldia eta Societat Doctor Alonsoren Club Fernando Pessoa. Saio honetan Pessoak idatzitako Libro del desasosiego obraren esaldi bat hitzez hitz aztertuko dute eszenatokiaren gainean azalduko diren hiru lagunek.

Azkenik, euskal konpainia gazteen ikuskizun berriak izango ditugu Bilborock aretoan ikusgai: C/ Calvario nº 13 eta El Cubo, Y la casa sin barrer konpainiaren azken bi emanaldiak.

24 konpainiek hartuko dute parte BAD jaialdian. Guztira, 8 erabateko estreinaldiak aurkeztuko dituzte eta beste 12 ekoizpen, Euskadin edo Estatuan lehen aldiz ikusi ahal izango ditugunak.