Artea
Astelehenean hasiko da
Dantza garaikideaz gozatzeko bost ikuskizun berritzaile, Dferian
Erredakzioa
Donostiako arte eszenikoen jaialdian dantza jorratzen duenatal berezia da Dferia-Dantzan. Dantzaz Konpainiaren,Kukai taldearen, Helena Golaben eta Natxo Monteroren proposamenez gozatu ahalko da.
Astelehenean hasiko da Dferia 2011 Donostiako arte eszenikoen jaialdia, eta dantza garaikidea izango da programako oinarrietako bat. Horrela, Euskadin aurten sortu dituzten dantza ikuskizunen adierazgarri diren bost proposamen berritzaile ikusteko aukera eskainiko du Dferia-Dantzan 2011 programak, Donostiako hainbat eszenatokitan.
Hilaren 14tik aurrera, Estatuko eta nazioarteko antzerki eta dantza konpainiak ikusiko ditugu berriz Gipuzkoako hiriburuko jaialdian, 2010eko trantsizio urtearen ondoren. Euskadiko konpainiek bakarrik hartu zuten parte joan den urtean, edizio laburrago batean; baina, egoera hori gaindituta, aurten martxoan egingo dute azoka, eta joan den urtean baino egun bat gehiago izango du. Guztira 20 ikuskizun taularatuko dituzte.
Bost ikuskizun berritzaile aukeratu dituzte, Euskadin egun egiten den dantza garaikidearen ordezkari gisa. Elkarren artean erabat ezberdinak diren arren, ''''guztiak dira garaikideak eta berritzaileak'''', azaldu dute Dferia-Dantzan programako arduradunek.Donostiako Dantzaz Konpania taldeak irekiko du zikloa, astelehenean. Gazteszena Egiako aretoan Mintzo ikuskizuna eskainiko dute, koreografo berrien lau piezaz osatutako ikuskizuna.
Helena Golab Euskadin bizi den dantzari poloniarrak Black Diamond ikuskizuna taularatuko du, egun horretan bertan, baina Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Hurrengo egunean Natxo Montero koreografoaren txanda izango da, Carni di prima qualitá ikuskizunarekin.
Jon Maia buru duen Kukai Dantza Konpainiak Karrikan lana estreinatuko du asteartean. Oraindik lan honen sorkuntza prozesuan murgilduta daude, baina bertako hiru pieza aurreratuko dituzte Donostian.
Hilaren 16an bukatuko da dantza programa, Noemí Viana arabarraren Menú del día proposamenarekin. Madrilen saritu berri dute Viana, eta bere pieza laburrenen bilduma aurkeztuko du.
Dferia-Dantzan programako arduradunen ustetan, ''''erakusleiho'''' bikaina da hau, eta dantza garaikidea jorratzen duten euskal artistei bere lana plazaratzeko aukera paregabea eskaintzen die, publiko arruntaz gain 80 programatzaile baino gehiago izango baitira egun horietan Gipuzkoako hiriburuan.
Dantza garaikidea jorratzeko koreografia workshop-a
Igandean, programazioari ekin aurretik, Noemí Viana dantzariak workshop berezia eskainiko du Victoria Eugenia Donostiako antzokian. Beroketa ariketen ondoren, espazioa eta mugimendua landuko dituzte eskola berezi honetan.