Bertsolaritza
Aste honetan...
Arabako Txapelketa eta Osinalde saria Hitzetik Hortzeran
Erredakzioa
Aramaiok jantzi du txapela Arabako Kuadrilla artekoan, Kakiturri-Ehariko beterano-jendearen aurretik. Bertso Sorta kolektiboan berriz, Martin Ttipia gailendu da, Aldapazaleak eta Aramaioren aurretik.
Berotik hasi zen jaialdia Aldapazaleak, Martin Ttipia eta Aramaioko taldeen bertso sortekin. Araba zuten gaia eta ironiaz blaitutako bertsoak mozorrotuta interpretatu zituzten atrezzo eta guzti. Gasteizko Landatxon bildutako jendeak gozatu egin zuen hiru taldeekin.
Bat-bateko finalean Kakiturri-Ehari taldea: Juan Mari Juaristi, Rikardo Gonzalez de Durana, Asier Otamendi, Felipe Zelaieta eta Gaizka Urtaran eta Aramaiokoa: Manex Agirre, Andere Arriolabengoa, Iker Agirre eta Xabi Igoa. Azkenean aramaioarrek jantzi zuten txapela.
Irati Andak jarritako bertsoak ere emango dituzte asteon. Puntako eskalatzailea izateaz gain, puntako bertsozalea ere bada Anda. Asteburua beharrean pasatu du Benasquen; ezin izan da finalean egon eta "pena handia du horregatik". Kontuak kontu, atera du beta bere pasioetako bi batzeko; eskalada nola bizi duen kantatu du Iratik Atxarteko hormatzarretatik. Asteko beste zita Gabiriako Osinalde elkarteakoa izan dute Hitzetik Hortzerakoek. Mikel Artola alegiarra izendatu du irabazle bertako epai-mahaiak. Bere kantukideak ere oso fin aritu dira. Endika Igartzabal gabiriarrak publikoaren saria lortu du, Hodei Iruretagoiena zarauztarrak bertso onenarena. Ainhoa Mujika eta Julen Agirre beasaindarrak eta Odei Barroso urruñarra ere poliki aritu dira eta publikoak eskertu die.
Urteroko giroa, giro bikaina, izan da aurten ere Gabirian. Osinalde elkartea leporaino beteta, erabateko isiltasuna mikroen laguntzarik gabe aritzen diren bertsolarientzat eta eskuzarta eztanda gazteek asmatzen duten aldioro. Zappingeko atala ere Osinalden bildutakoa, baina orain hogei urte. 1990eko martxoaren 17an Gabiriako elkartean eseri zirenak: Bernardo Azpillaga, Bittor Elizagoien, Martin Rezabal Olaso, Jon Maia, Joxe Anjel Salegi Lizarreta eta Joxe Ramon Gerriko. Zuri-beltzekoan Migel Arozamenak Patxi Barberori emandako puntu erantzun ederra. Bada beste nobedaderik aste honetako alean. HHrentzat uda parteko atsedena gertu dago (lau aste baino ez dira geratzen) eta hemendik eta amaierara arte irailetik grabatutako guztiaren bilduma laburrak emango dituzte denboraldiko onena di-da oroitarazteko.
Asteon udazkenetik jokatu diren bertso txapelketetan gertatutakoa laburbilduko dute HH-Errepasoan. Itziarren hirugarren urtez ospatutako Erromeria egunean grabatutako bideoa ere iritsi da erredakzioara eta jasotako bideoen atalean erakutsiko dute.
Hitzetik Hortzera, ostegunean 22:00etan ETB3n eta ostiralean 18:15ean ETB1en. Sarean, noiznahi, eitb.comen.