Literatura
Donostiako Kursaalen
2010eko Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte
Erredakzioa
Fermin Etxegoien, Jose Fernandez de la Sota, Patxi Zubizarreta, Joxe Azurmendi, Miguel Sanchez-Ostiz, Jokin Mitxelena eta Jesus Mari Mendizabal izan dira sarituak aurten.
2010eko Euskadi Literatura Sariak banatu dituzte astearte honetan Donostiako Kursaal aretoan. Aurten Fermin Etxegoien, Jose Fernandez de la Sota, Patxi Zubizarreta, Joxe Azurmendi, Miguel Sanchez-Ostiz, Jokin Mitxelena eta Jesus Mari Mendizabal izan dira sarituak. Ekitaldian Patxi Lopez lehendakaria eta Blanca Urgell Kultura sailburua izan dira.
Fermin Etxegoienen Autokarabana (Pamiela) lanak jaso du aurten euskarazko lanen Euskadi Literatura Saria. Gaztelaniazko literaturaren saria, aldiz, Jose Fernandez de la Sotak irabazi du, Vacilación liburuarekin.
Patxi Zubizarreta saritu dute euskarazko haur eta gazte literaturan, Xia Tenzinen bidaia miresgarria (Ibaizabal) lanagatik. Gaztelerazko atalea, bestalde, eman gabe geratu da saria.
Euskarazko literatura itzulpen saria Jesus Mari Mendizabalentzat izan da, Eguzki Kolpea (Alberdania eta Elkar) argitalpenagatik. Literatura lanaren ilustrazioaren saria Jokin Mitxelenak jaso du Ipuin-kontalariaren lapikoa (Aizkorri) lanarekin.
Euskarazko saiakeraren saria Joxe Azurmendik lortu du Azken egunak Gandiagarekin (Elkar) liburuarekin, eta gaztelaniazkoa, berriz, Miguel Sánchez-Ostizentzat izan da, Sin tiempo que perder (Alberdania) lanagatik.
Felipe Juaristi, Pello Otxoteko, Lourdes Otaegi, Javier Rojo, Arantza Urretabizkaia eta Marta Merino izan dira aurten epaimahaian.

