Itxi

Musika

45. edizioa

Musika estilo ezberdinak 2010eko Donostiako Heineken Jazzaldian

Erredakzioa

Asteazken honetan, uztailaren 21ean, hasiko da jaialdia. Uztailaren 25era bitartean, Donostiako hiriburutik Patti Smith, Elvis Costello, Ron Carter eta Portico Quartet, besteak beste, igaroko dira.

Donostiako Heineken Jazzaldiaren 45. edizioari azken ukituak eman dizkiote, datorren asteazkenean, uztailaren 21ean, jaialdiari hasiera emateko. Bost egunetan zehar, zaleen topagune bihurtuko da Donostia, Patti Smith, Elvis Costello, Ron Carter eta Portico Quartet artista handiak, besteak beste, taula gainean ikusteko.

Aurtengo edizioak, gainera, elementu berri batek ekarri du: Kontzertu Sorpresak. Kontzertu berezi batzuk Facebookeko eta Twitterreko sare sozialen bidez ezagutzera emango dira, aurreko eguneko gaueko hamabietan.

Rocka eta country

"Giro desberdin anitzak" bilduko dituela jaialdiak azpimarratu dute antolatzaileek, "betiko ikusleak eta publiko berria erakartzeko asmoz". Jazzari dagokionez, Ron Carter eta Portico Quartet bezalako handiak izango dira Donostian. Baina rocka eta country bezalako estiloek ere bere lekua izango dute. Horrela, Patti Smith rock emakumeak jaialdia irekiko du: asteazkenean, hilaren 21ean, eskainiko du bere emanaldia 21:30ean, Zurriola hondartzaren Eszenatoki Berdean.

Antolatzaileek ikusle kopuru handia espero dute (20.000 eta 25.000 lagunen artean), neurri handi batean Smithen kontzertua doakoa delako. Hori dela eta, jende pilaketak ekiditeko neurri bereziak prestatu dituzte. Esaterako, anbulantzia eta osasun zerbitzuak prest izango direla adierazi dute. Honekin batera, oinez ala garraiobide publikoaren bitartez heltzea gomendatu dute. Era berean, hiriaren sarreretan autoa uzteko aparkalekuak atondu ditu Udalak.

Elvis Costello musikariak aurtengo edizioa itxiko du, datorren igandean, hilaren 25ean. Kontzertua Trinitate plazan 21:00etan izango da. Kris Kristofferson ere gau horretan igoko da eszenatokira. Emanaldi honetarako sarrerak 45 eurotan daude salgai.

Jazzaren izen handiak

Jazza aurten George Benson, Stanley Clarke, Dave Holland, Archie Shepp eta Wadada Leo Smith artisten eskutik etorriko zaigu. Gainera, Ron Carter kontrabaxu-jotzailea ere arituko da zuzenean. Honekin batera, Christian Scott tronpeta-jotzailea eta Portico Quartet Britainia Handiko taldea ere izango ditugu entzungai. Egitaraua osatzen Jessye Norman sopranoa, Arturo Sandoval tronpeta-jotzaile kubatarra, Shibusa Shirazu Japoniako orkestra, Marie Boine norvegiarra eta Eric Lewis AEBetako piano-jotzailea.

Donostiara azkenik etorriko ez dena Toquinho dugu. Artista brasildarra bertan behera utzi du bere kontzertua, "telebista baten grabaketa bat" dela medio. Jazzaldia hasteko oso denbora gutxi falta denez, Toquinhoren lekua betetzeko beste artista bilatzeko astirik ez dute antolatzaileek. Hori dela eta, ez dute musikaria ordezkatuko eta egitarauan, bere tokia hutsik agertuko da. Dagoeneko sarrerak erosi dituzten lagunei dirua itzuliko dietela adierazi dute antolatzaileek.

Doako eta ordaindu beharreko kontzertuak

Trinitate plaza, Kursaal Jauregia eta Victoria Eugeniako Antzokia jaialdiaren ordaindu beharreko eszenatokiak izango dira. Sarrerak salgai daude Kutxan, Telekutxan, General Ticketsen eta Victoria Eugenia Antzokiaren txarteldegian. Terrazak eta Zurriola hondartzako espazioak, berriz, doakoak izango dira.