Musika
Larunbat honetan
Serratek Miguel Hernandez olerkaria omenduko du Iruñeko Baluarten
Erredakzioa
Alacanteko olerkariaren testuetan oinarritutako 'Hijo de la luz y de la sombra' izenburuko azken musika lana aurkeztera dator. Emanaldi honetarako sarrera guztiak saldu dituzte.
Iruñean zuzenean arituko da larunbat honetan Joan Manuel Serrat abeslaria Hijo de la luz y de la sombra bere azken lana aurkezten. Kantautoreak kontzertua eskainiko du larunbatean 20:00etan, Baluarte Jauregian. Miguel Hernandez Alacanteko poetaren olerkietan oinarrituta kaleratzen duen bigarren diskoa da honakoa.
Emanaldi honetarako sarrerak agortuta daude. Oholtza gainean, sei musikari arituko dira, Ricardo Miralles piano-jotzailearen zuzendaritzapean. Abesti bakoitza, berriz, estatuko zine-zuzendari handi baten film laburrak girotuko du. Montxo Armendariz, Isabel Coixet, Jose Luis Cuerda, David Trueba, Jose Luis Garci, Bigas Luna, Imanol Uribe eta Manuel Huerga dira proiektu honetan Serratek lagun izan dituen zuzendari ezagun horietako batzuk.
Otsailean kaleratu zuen artista katalanak Hijo de la luz y de la sombra. 13 abestiz biltzen dituen CDa 30 minutuko iraupena duen dokumentalak osatzen du.
Miguel Hernandez olerkariaren testuei musika jarri dien bigarren aldia da. Aurten, poetaren jaiotzaren mendeurrena ospatu da. Bere webgunean Serratek adierazi duenaren arabera, "haren aspaldiko laguna naizen aldetik, eszenatokien gainean ospatu behar nuela uste nuen". Disko salduenen zerrendara bueltan dugu Serrat. Gainera, Espainian eta Argentinan Urrezko Diskoak lortu ditu.