Musika
Aurrekoak: 'Etxea' eta 'Kalea'
Kepa Junkerak 'Herria' aurkeztu du, trilogiaren azken diskoa
Erredakzioa
Estatu Batuetako, Madagaskarreko, Greziako eta Koreako musikarien laguntza izan du oraingoan. Euskarazko abesti ezagunen bertsio berri hauetan folk, jazz eta gospel doinuak izango ditugu entzungai.
Herria azken lan honetan latinoak ez diren kultura musikaletako profesionalekin ibili da elkarlanean. Guztira 23 abesti bildu ditu bertan, eta Parisen, Istanbulen, Casablancan eta AEBetako hainbat hiritan grabatu ditu: New Yorken, San Frantziskon , San Antonion, Los Angelesen, Oaklanden, Boisen eta Hawaiin.
''''Doinuak zertxobait arraroagoak dira, instrumentu berriekin sortuak'''', esan du Junkerak disko berriaren aurkezpenean. Musikariak argitu duenez, lan berri honek hiri horietako musikak islatzen ditu, eta, horrela, doinu ezberdinak erabiliz egindako moldaketak aurkituko ditugu bertan: Indiar tribuetako erritmoak, Flaco Jimenezen musikarien tex-mex doinuak, New Yorkeko jazza (Dave Douglas laukotearen eskutik), gospela, eta hainbat musika instrumenturekin sortutako soinuak: lirarekin, oukalelearekin eta Armenia eta Turkiako haize instrumentuekin.
Proiektua 2008an hasi zen Etxea lehen diskoarekin. Bertan penintsulako eta Karibeko musikarien laguntza izan zuen Junkerak: Miguel Bose, Ana Belen, Loquillo, Jaime Urrutia, Santiago Auseron, Maria del Mar Bonet, Estrella Morente, Michel Camilo eta Dulce Pontes aritu ziren lehen lan horretan.
Kalea diskoan, aldiz, Latinoamerikako musikariengana jo zuen Junkerak: Juanes, Lito Vitale, Viticus, Pablo Milanes, Julieta Venegas...
Trikitilariak azpimarratu duenez, hiru diskoetan ''''mugarik gabeko'''' askatasuna izan dute partehartzaileek euskal doinuak bereganatzeko. Hala ere, denek izan dute ildo nagusi bat: euskara eta euskal abestien indarra.
Junkerak Bernardo Atxaga, Xabier Aumuriza eta ekainean hildako Jose Saramago idazleei eskerrak eman izan dizkie lan hauetarako sortu zituzten testuengatik.