Itxi

Musika

Leioa Kantika Koralarekin

Bizkaiko kopla zaharrak, Kepa Junkeraren eta Xabier Amurizaren eskutik

Erredakzioa

Euskal kultura, abesbatzen mundua eta musika elektronikoa uztatzen ditu 'Beti Bizi' diskoak. 12 kantu bildu dituzte bertan.

Kalean dugu Beti Bizi diskoa, Kepa Junkeraren, Xabier Amurizaren eta Leioa Kantika Koralaren proiektu berezia. Bilbotar trikitilari ezagunaren lan berriak Bizkaiko aspaldiko 12 kopla biltzen ditu, euskal kultura, abesbatzen mundua eta musika elektronikoa uztartzen dituen disko berezi batean.

Xabier Amurizak bildu eta egokitu ditu koplak, abesbatzak kanta ditzan. Aita San Migel, Ipiñaburu leku altuna, Aitite mercurio, Zozoa kantetan, Horra goiko landetan, Aiko Juaniko Olabarriko, Antonio Gotilla, Matxalen Busturiko, Kantetan biher dot hasi, Trikiti txainia, Soldadu noa soldadu eta Gaztaina koloreko dira bertsolariak bildu dituen 12 doinu ezagunak. Abesbatzak eta Amurizak berak jartzen diote ahotsa kopla bakoitzari, eta ohi ez bezala kantatzen dituzte doinuok. Moldaketa berri hauetarako, Bizkaiko dantza doinuak eta Kepa Junkerak konposatutako erritmoak erabili dituzte. Jose Luis Canal dute pianoan eta teklatuetan lagun, eta Bilboko trikitilariaren eskutik datorkigu proiektu honetako trikitixa eta perkusioa.