Itxi

Musika

Kontzertua

'Imanol: Donosti-Tombuctú': Imanolen omenezko bidaia

Redacción

Luis Eduardo Aute, Amaia Zubiria, Joao Afonso eta Aurora Beltran izango dira, besteak beste, bihar Kursaal aretoan. Kontzertu-omenaldia eitb.com-en zuzenean eskainiko dugu.

Imanolen abestiak beste artista batzuen ahotan jartzea du helburu ''Imanol:&' || 'nbsp;Donosti-Tombuctú'' ikuskizunak. Ostegunean izango da ikusgai Donostiako Kursaalen, eta zuzenean eitb.com-en, 20:00etatik aurrera.

Kontzertuan hauek egongo dira: Suburbano, Luis Eduardo Aute, Luis Pastor, Lourdes Guerra, María Berasarte, José Luis Montón, Odei Lizaso, Jorge Tejerina, Gorka Hermosa, Amaia Zubiria, Javier Palancar, Mikel Ferres, Lorenzo Solano, María Mendizabal, Álvaro Cárdenas, João Afonso, Pablo Guerrero, Marina Rossell eta Aurora Beltrán. Aurkezleak Susana Martíns eta José Cruz Gurrutxaga izango dira.

"Imanol: Donosti - Tombuctú" Luis Mendo eta Bernardo Fusteren (Suburbano) eta Josemari Alemán diseinatzailearen proiektu bat da, Imanolen abestiak berreskuratzen eta euskal kulturako irudi handietako bat omentzen duena.

1999an estreinatu zen Berlangaren "París-Tombuctú", eta aldi berean alde egin zuen Imanolek Donostiatik. Suburbanok jarri zion musika lan hari, eta Manolo Tenak interpretatzen zuen gai nagusiak biziki hunkitu zuen Imanol. Hartan islatua sentitu zelarik, Tombuctú deitu zion bere helmugari.

Tombuctú, Imanolentzat, jomuga baino gehiago, berrikuste bat izan zen, eta bide berrien bilaketa itxaropentsua. Bere iraganeko historia urtu egiten zen Mediterraneoko eguzkiaren pean, eta Imanolek historia hura Madrilen freskatzen zuen, hara joaten baitzen bere adiskide zaharrak ikustera, musikarekin eta bizirik jarraitzeko eguneroko borrokarekin loturik haiek ere. Bere euskal ekarpenarekin eta bere proiektu berriekin joaten zen hara, haiek denak bere lagunekin partekatzeko. Tombuctúk bakardadea esan nahi zuen, baina baita batasuna ere. Imanolen Tombuctú hartan madrildarrak, estremaduratarrak, andaluziarrak, aragoitarrak, asturiarrak... bizi ziren. Imanolen Tombuctú hartan flamenkoa, txotisak, boleroak, tangoak aditzen ziren, eta baita zortzikoak ere.