Itxi

Musika

Donostia

Esther Ferrerren hegodun piano bat, 72. Musika Hamabostaldiko irudia

Erredakzioa

Abuztuaren 7tik 31ra egingo dute musika jaialdia, Donostian. Franz Liszten pianorako konposizioa goitik behera aldatu zuen konpositorearen doinuak jorratuko dituzte aurten.

Esther Ferrer artistak sortutako hegodun piano bat izango da Donostiako Musika Hamabostaldiko kartelaren irudia aurten. Abuztuaren 7tik 31ra egingo dute 72. edizioa, eta Franz Liszten doinuak izango dira nagusi uda honetan. Horrela, pianorako konposizioa goitik behera aldatu zuen maisuaren lana protagonista duen edizio honetako metafora izan nahi du karteleko irudiak.

Estatu mailan perfomance-an aitzindaria dugu Esther Ferrer (Donostia, 1937), eta 2008an Arte Plastikoen Sari Nazionala eskuratu zuen. Egindako kartela bere hiriko kultur jarduera baten irudia izango delako pozik agertu da Ferrer. ''''Oso gustuko dut hegodun piano baten ideia, baina inoiz ez nuen imajinatuko Musika Hamabostaldirako erabiliko nuenik'''', esan du. ''''Nire nartzisismoak pianoak bezala egiten du hegan'''', gaineratu du.

Prentsaurrekoan aurkeztu du Ferrerrek kartela, Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariarekin eta Denis Itxaso Donostiako Udaleko Kultura zinegotziarekin batera.

Ferrerrek Hamabostaldiaren ''''espiritua'''' oso ondo jaso duela azpimarratu du Alfayak bere txandan. 72. edizio honetan Hungariako eskola izango da erreferente nagusia, eta Franz Liszt protagonista handiena. Gainera, Mahler, Jesus Guridi eta Tomás Luis de Victoria maisuen urteurrenak ere ospatuko dira.

Cristina Iglesias, Vicente Ameztoy, Jose Luis Zumeta, Marta Cardenas, Nestor Basterretxea, Jose Antonio Sistiaga, Ivan Zulueta, Jose Luis Lanzagorta, Ricardo Ugarte eta Maider Lopez izan dira Musika Hamabostaldiaren kartelen egileak aurreko edizioetan, besteak beste.