Itxi

kultura

XIV. edizioa

'La función por hacer' izan da Max sarietako irabazle nagusia

Erredakzioa

Euskarazko antzerkigile onenaren Max saria Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek irabazi dute ‘Aitarekin bidaian’ lanagatik

Astelehenean ospatu da Max sarien XIV. edizioa, Kordobako Gran Teatro antzokian. Zazpi sari irabazita, La función por hacer izan da garaile nagusia. Miguel Ángel del Arcok idatzitako obra hori Pirandelloren Sei Personaggi in Cerca d''Autore lanaren moldaketa aske bat da. Besteak beste, antzerki ikuskizun onenaren saria irabazi du. Blancanieves Boulevard lana esku-hutsik geratu da, 10 izendapen jaso arren.

Emakumezko aktore protagonista onenaren saria Vicky Peñak jaso du, Marburg antzezlanean egindako lanagatik. Gizonezko aktore protagonista onenaren saria Carlos Hipólitok lortu du (Glengarry Glen Ross).

Antzeztaldeko emakumezko aktorerik onenaren Max saria Manuela Pasok eskuratu du, eta gizonezkoen kategorian Raul Prieto gailendu da. La función por hacer antzezlanean egindako lanagatik saritu dituzte biak.

Emakumezko dantza interprete onenaren saria Sol Picok irabazi du, El ball (El baile) lanari esker, eta gizonezkoen saria Israel Galvanentzat izan da, La lucha libre vuelve al Price obragatik.

Euskarazko antzerkigile onenaren Max saria Agurtzane Intxaurragak eta Arantxa Iturbek irabazi dute, Aitarekin bidaian lanagatik. Gaitzerdi talde bizkaitarra eta Atikus talde nafarra ikuskizun berri onenaren saririk gabe gelditu dira. Azkenean, Rayuelaren Dogville lanak eraman du sari hori.

Eszena zuzendari onenaren saria Miguel del Arcok irabazi du La función por hacer ikuskizunean egindako lanagatik. Antzerkirako egokitzapen onenaren, arte eszenikoen enpresari edo ekoizle onenaren eta argiztapen onenaren sariak ere irabazi ditu lan horrek, azken hori Juanjo Llorensen lanari esker.

Musika zuzendari onenaren saria Joan Miquel Pérezek irabazi du, Pegados lanagatik, eta eszenografia onenaren saria Andrea d´Odorikorentzat izan da (Glengarry Glen Ross). Elisa Sanz (Nubes) izendatu dute jantzi-diseinatzaile onena.

Gainera, Max sari iberoamerikarra Festival del Sur-Encuentro Teatral Tres Continentes jaialdiak irabazi du. Joera berrien saria Madrilgo Koreografia Lehiaketak eskuratu du, eta Kritikaren saria Pariseko Don Quijote jaialdiak.

José Monleónek jaso du Ohorezko Saria, eta Natalia Millán, Fernando Tejero, Ángel Ruiz, Chema Noci eta Toni Cantó aktoreek eta Juan Carlos Rubio zuzendariak bideratu dute sariak banatzeko Kordoban egin duten ekitaldia.