kultura
Igandera arte, Donostian
Abian da Olatu Talka jaialdia, kultur ekitaldiz josita
Erredakzioa
120 jarduera izango dira, hiriko 40 lekutan, 2016an kultur hiriburu izateko hautagaitzari babesa emateko. Artea, antzerkia eta musika dira bigarren edizio honetako osagai nagusiak.
Abian da Olatu Talka jaialdiaren bigarren edizioa. Oreka TX taldearen txalapartarekin ekin diote ekitaldiz josita datorren bigarren edizio honi. Igandera arte, 120 jarduera baino gehiago izango dira Donostiako 40 lekutan.
''''Herritarren energiaren bidez'''', elkarbizitzarako, sormenerako eta kulturarako espazio bihurtu nahi dute hiria, Donostia 2016an kultur hiriburu izateko hautagaitzari babesa emateko.
Txapalaparta kalejira berezi bat, The sound of music pelikula ezagunaren emanaldia (karaokea gehituta), hainbat kontzertu eta birziklatutako materialarekin sortutako jantzi desfilea izan dira ostiral honetako jarduera nagusiak.
Olatu Talka, ordea, hasi baino ez da egin. Larunbatean Kontxako hondartzan izango da hitzordua, bertan egingo baitute ''''diziplina anitzeko happening- adierazpen artistiko'''' bat hiriko inauteri konpartsek, Juan Navarroren zuzendaritzapean. Graffitiak ere egongo dira, eta Kontxako erlojuak ikuskizun berezi batekin ''''jantziko'''' dituzte.
Igandean bukatuko da jaialdia, mila ahotsek Alderdi Ederren eskainiko duten kontzertu batekin. Udal Musika eta Dantza Eskolak, Easo Abesbatzak, Donostiako Orfeioak eta hiriko zein lurraldeko hainbat taldek hartuko dute parte bertan.