Itxi

kultura

Donostia 2016

Donostiako hautagaitza bikaina azpimarratu du epaimahaiak

Erredakzioa

Kordobako alkateak piztutako polemikaren harian, Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburua izateko erabakia azaltzen duen txostena argitaratu du.

2016ko Europako Kultur Hiriburua hautatu zuen nazioarteko epaimahaiak aurkeztutako txostena argitaratu zuen joan den ostegunean Espainiako Kultura Ministerioak. Bertan, Donostiako hautagaitza bikaina azpimarratu nahi izan du epaimahaiak.

Txosten horretan, ''Herritarren olatu-energiak'' proposamenaren aukeraketa azaltzeaz gain, ''Elkarbizitzarako kultura'' proiektua nabarmendu dute. Datozen urteei aurre egiteko gomendioak ere aurkitu daitezke bertan.

Epaimahaiaren iritziz, ''Elkarbizitzarako kultura'' ereduak argi erakusten du Europako erronka nagusietako bat: identitate, balore eta helburu ezberdinak dituzten pertsonen arteko elkarbizitza.

Halaber, 62 proiektuz osatutako eta lau zutabe nagusitan banatutako programa oso ondo baloratu dute.

Proiektuaren zuzendari artistikoak modu sinesgarrian aurkeztu izana ere kontuan izan dute, eta hiriko kultur eragileak eta biztanleak kultur ekimenetan inplikatzeko modu berritzaileak nabarmendu dituzte.

Elementu mugikorrak (bulegoa, itsasontzia, trena eta zirkua) erabilita Donostia Europako gainerako herrialdeekin lotzeko helburua ere aipatzen du txostenak; proiektua ezagutzera emateaz gain, hiri ezberdinetako kultur proiektuak ezagutzeko helburua duen ekimena, hain zuzen ere.

Azkenik, agente publiko (Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza) eta politiko ezberdinek hautagaitza elkarrekin babestu izana ere kontuan hartu dute.