Itxi

kultura

Donostia, Kultura Hiriburua

Izagirre: 'Egitasmo onena delako aukeratu dute Donostia'

Erredakzioa

Donostiako hautagaitzaren bulegoak epaimahaiarekin izan dituen "harremanak araudiak ezartzen duenaren barruan" eman direla ziurtatu du Eva Salaberria hautagaitzaren zuzendariak.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatearen ahotan, Gipuzkoako hiriburua "egitasmo onena delako" Europako Kultura Hiriburu aukeratu dute. Izagirrek azaldu duenez, Donostiak "aurkeztutako proiektuari esker bakarrik" lortu du garaipena.

EBko Ministroen Kontseiluaren izendapena arriskuan jarriko duen ekintza baten beldur ez direla adierazi du Izagirrek, "inola ere".

Txostenak "ez du zalantzarik uzten", Donostia "egitasmorik onena" delako aukeratu dute, Izagirreren esanetan.


Salaberria

Donostiako 2016 hautagaitzaren bulegoak epaimahaiarekin izan dituen "harremanak araudiak eta deialdiak ezartzen dutenaren barruan" eman direla ziurtatu du gaur Eva Salaberria hautagaitzaren zuzendariak.

Donostia Kultura Hiriburu izendatzeko arrazoien berri ematen duen epaimahaiaren txostena gaur ezagutu dutela azaldu du Juan Karlos Izagirre alkateak prentsaurrekoan. EBko Ministroen Kontseiluak erabakia 2012ko maiatzean berretsi baino lehen kontuan izan beharreko zenbait gomendio azaltzen ditu txostenak.

Jose Antonio Nieto Kordobako alkateak egindako salaketen inguruan iritzirik ez ematea erabaki dute Salaberriak eta Izagirrek. Gutun anonimo bat jaso dutela azaldu du Nietok gaur. Hautaketa prozeduran epaimahaiko kide batek ustez Donostia aukeratzeko presioa egin zuela argi uzten duen dokumentazioa jaso dute gutunean, Kordobako alkatearen hitzetan.

Hala ere, hautagaitzak Cristina Ortega epaimahaikidearen aholkuak jaso ez dituela argi utzi du Salaberriak. Hautaketa batzordeko kideekin harremanik izan ez dutela gaineratu du.


Andaluziako Gobernua

Bestalde, Jose Antonio Grinan Andaluziako Gobernuko presidentea eskutitz anonimo horren egiazkotasuna ikertzearen alde agertu da. Hala baldin bada, eta ustez epaimahaiko kideetako baten izendapena kutsatu zuela erakusten duen dokumentu hori egiazkoa baldin bada, kexa bat jartzearen alde agertu da Griñan.

Era berean, 2016ko Europako Kultur Hiriburua hautatzeko batzordeak gomendatu du proiektua zuzentzen duen partzuergoko atal kudeatzaileetan Donostiako Udalean, Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan ordezkaritza duten alderdi guztien kideak egotea.