Itxi

Zinema

Otsailaren 22tik 27ra

Boterea eta feminismoa, Iruñeko Punto de Vista jaialdiko ardatzak

Erredakzioa

Zinema dokumentalaren Nafarroako hiriburuko jaialdiak zazpigarren edizioa du aurten.

Feminismoa eta kulturen arteko botere harremanak dira Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zazpigarren edizioko ardatzak. Hilaren 22tik 27ra bitartean egingo dute zinema jaialdia, Iruñean.

Aurtengo programan 64 emanaldi antolatu dituzte, horietatik 10 goizez, eta Saide Carlos III zinema-aretoetan gehienak. Sail Ofizialean 18 lan lehiatuko dira, film labur eta film luzeak barne.

Bi ildo tematiko nagusi landuko ditu Punto de Vista jaialdiko zazpigarren edizioak: Pertsonala politikoa da izenburupean, zinema feminista izango da ikusgai sailetako batean. Aurten 25 urte beteko dituen Iruñeko Emakumeen Zinema Erakustaldiari omenaldia egin nahi dio atal honek. Bigarren zikloak Tupi or Not Tupi. Kanibaleak banpiroaren kontra du izena, eta kulturen, generoen eta forma zinematografikoen arteko botere harremanaz egingo du hausnarketa.

Heterodocsias Rewind, Proyecto X Films eta Erdialdeko eskualdea atalek osatzen dute aurtengo programa.

Sarrerak otsailaren 11n jarriko dituzte salgai. 3 euroko prezioa dute banakako sarrerek, eta 10 emanalditarako bonoa ere egongo da salgai, 20 euroan.