Prentsa aretoa
Estreinaldia
"Así Se Escribe Un Crimen", Euskadiko kronika beltzeko kasurik harrigarrienei buruzko dokumental saila
EITB Media
Ekoizpena EITB eta "El Correo"ren (Vocento) arteko aliantzaren fruitua da, eta gertakari horien jarraipena egin zuten bi hedabideetako kazetarien kontakizunak biltzen ditu, bertatik bertara bizitakoak. Irailaren 10ean estreinatuko da, ETB2n.
-
FesTVal jaialdian egin den aurkezpenaren irudia
Irailaren 10ean, 22:15ean, ETB2k Así Se Escribe Un Crimen estreinatuko du, EITBk eta El Correok (Vocento) Secuoya Studiosekin elkarlanean ekoitzitako dokumental saila, Euskadiko kronika beltzaren kasurik mediatiko eta beldurgarrienak biltzen dituena. Ekoizpenak kasu bakoitzaren kontakizun zorrotz, zehatz eta gizatiarra ematen du EITB eta El Correoko kazetarien esperientziaren bidez.
Kazetaritza-ikuspegi berria
Zortzi ataleko saioak gertakariak berreraikiko ditu, adituen elkarrizketen eta ikerketan parte hartu zuten iturrien bitartez, eta artxiboko irudiek gorpuztuta. Gertakariak kontatzeaz gain, inplikatutako pertsonei ekarri zien kalte emozionala eta profesionala islatuko dute.
Ainhoa de las Heras, David Olabarri eta David González, El Correoko gertakari-kazetariak, eta Miriam Duque, Radio Euskadiko Ganbara Negra saioaren gidaria, izan ziren lehen lerrora gerturatu eta jarraipena egin zuten kazetarietako batzuk. Orain, berriro aztertuko dituzte kasuak, hasierako ikerketatik epaitegiko ebazpenera arte.
Kronika beltza markatu zuten kasu errealak
Sabino Legionarioaren kasuari eskainiko diote ataletako bat, Arrigunagako hondartzan (Getxo) agertutako giza gorpuzkiak ikertzeko lana abiapuntu hartuta. Badoo aplikazioan zita bat hitzartu zuen Josetxuren hilketa eta shaolin faltsuaren kasua ere aztertuko dituzte. Horrekin batera, 1999 eta 2001 artean Bizkaian desagertutako neska gazteen auzia, alaba nerabeak zituzten gurasoen artean izua sortu zuena, eta Nagore Laffageren erailketa, besteak beste.
Kapitulu bakoitzean, gizartea hunkitu zuten krimen horien xehetasunak aletuko dituzte, sakonju: hots, ikerketen nondik norakoak eta garai hartan bizi zen egoera aztertuko dute. Engainuek eta obsesioek eragindako gertakarietatik hasi, eta beldur kolektiboa piztu zuten kasuetaraino, delitu horiek euskal gizartearen oroimen kolektiboan utzi zuten arrastoari erreparatuko diote. Halaber, segurtasuna zein justizia lantzeko moduan inflexio-puntu bat ezarri zutela erakutsiko dute.
Así Se Escribe Un Crimen dokumental-sailak ez ditu gertakariak kazetaritzaren ikuspegitik soilik aztertuko. Programaren helburua da kontzientzia piztea, indarkeriaren eta gertaera horiek gizartean izan duten eraginen inguruan, hain zuzen, dokumentazioaz elikatuta eta errespetuz eginda.


