Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Audientzia

'El Conquistador del Caribe' audientzia-buru, %19,3ko kuotarekin

EiTB

Inoizko finalik zirraragarrienetakoa izan zen Izetak irabazi zuena, eta azken hiru urteetako ikusiena. 335.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen.

'El Conquistador del Caribe' saioaren final handia 'El Conquistador del Fin del Mundo' reality-aren historian bizi izan den zirraragarrienetakoa izan da. Sei finalisten artean, Izeta nagusitu zen, azken momentuan Aiskander eta Isma atzean utzita. Aiarrak astindu zuen beraz ikurrina Punta Gallinasen.

ETB2ko saioa audientzia-buru izan zen %19,3ko kuotarekin. Bataz beste 194.000 lagunek ikusi zuten finala Euskadin eta eragin eremuan, eta 335.000 ikus-entzuleko audientzia metatuta lortu zuen. Azken hiru urteetako finalik ikusiena izan da, hain zuzen ere.

Denboraldia amaitu ondoren, bataz besteko audientzia datuei begiratuta, 'El Conquistador del Caribe'k astelehenetan audientzia-buru izatea lortu du: %16,6ko kuota eta 320.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan izan ditu. 2014tik denboraldi onena osatu du.

eitb.eus-en eta sare sozialetan ere arrakastatsu

'El Conquistador del Caribe'ko finalaren internet bidezko emanaldiak harrera ezinhobea izan zuen, baita saioaren webgune bereziko edukiek ere.

Twitterren marka guztiak hautsi zituen, emanaldia hasi eta 12 minutura Estatu mailako gairik komentatuenen artean kokatu baitzen. Aurtengo atal guztietan bezala, finalean ere #conquisfinal etiketa joera izan zen. Berebat, saioaren twiterreko kontu ofizialak ia 200.000 inprimatze izan zituen.

Facebooken ere inoizko daturik onenak lortu zituen: 100.000 erabiltzailek partekatu zituzten saioaren webguneko edukiak.

Final handia

Garaipena lortzeko aukera, ikurrina eskuratzeko lehia, bikoteka hasi zuten, zotz egin ostean. Sei hautagaiek ondorengo bikoteak eratu zituzten: Carol Calvo eta Mikel Mayayo, Aitor Barrio eta Andoni Izeta, eta Aiskander Jauregi eta Isma Pereira.

Probaren lehen zatian, baltsa bat egin behar izan zuten,  eta Karibe itsasoaren erdian dagoen uharte batera joan ziren, arraunean. Isma eta Aiskander izan ziren lehenak heltzen, Carolen eta Mikelen aurretik. Izeta eta Aitor atzeratuta ibili ziren, Aiakoak arrauna apurtu zuelako.

Uharte horretan bakarkako lehia hasi zen: hasteko, kaiuko bat aurkitu behar izan zuten, beste uharte batera joateko. Handik igerian egin zuten alde, eta, bukatzeko, hiru tirolina erraldoitan gora egin behar izan zuten, hiru baino ez.

Aiskander, Isma eta Izeta izan ziren lehenak heltzen, eta, tamalez, Aitor bidean geratu zen. Gasteiztarrak une horretan galdu zuen ikurrina lortzeko aukera. Begien aurrean izan zuen tirolina eskuratzeko abagunea, baina, azken unean, Izetak lortu zuen, abiadura bizian. Isma bera ere garaitu zuen, izan ere, Igorrekoak arazoak izan zituen tirolinarekin.

Unerik zirraragarriena amaieran iritsi zen, Aiskanderrek irabaziko zuela ematen zuenean. Ikurrinatik hamar bat metrora zegoenean, Aiakoa agertu zen, ziztu bizian, eta Ugaokoa garaitu zuen.

Bi ordu eta erdiko proba eta, ondorioz, final handia, Izetak irabazi zuen. Erabat hunkituta, senideei, lagunei eta taldekide gorriei eskaini zien garaipena. Aiskander bigarren geratu zen, eta besarkada batekin zoriondu zuen Aiakoa, merezi zuela esaten zion bitartean. Pozik amaitu zuen Ugaokoak abentura, asko ikasi baitzuen. Ismak, hirugarren postuan, irribarrea galdu zuen une batez, baina, hala ere, Izeta zoriondu zuen. Momentu horretan bertan, ura eta janaria eskatu zizkion txapeldun handiak Julian Iantzi aurkezleari.

Andoni Izeta da, beraz, 13. edizio  honetako irabazlea, Erkuren ondorengoa, eta Punta Gallinasen ikurrina  astindu zuena. Pozarren, platoan jaso zuenu saria, 20.000 euroko txekea, hain zuzen. Bertso batekin agurtu zuen abentura gipuzkoarrak.

a gipuzkoarrak.