Prentsa aretoa
Go!azen
Ezkontza-sorpresa antolatzea otuko zaie Eli eta Zuriri,'Go!azen'en azken atalean
EiTB
Telesail arrakastatsuaren denboraldiko azken atala izango da ikusgai ostiral honetan
-
Eli eta haren aita Paul
Ostiral honetan 'Go!azen 5.0' telesailaren denboraldiko azken atala emango da. Udalekua amaitzear dago, eta azken planak egingo dituzte gazte zein helduek.
Basakabi udalekua ardatz hartuta, bertako ikasleen istorioak kontatzen ditu 'Go!azen'ek denboraldiz denboraldi, abesti eta dantza artean. Atal sorta honek ere amaiera biribila izango du ikus-entzuleen emaitzei dagokionez. Denboraldiak, orain arte, % 3,9ko audientzia izan du bataz beste, eta euskaldunen artean %12ko ikus-entzule kuota dauka. Halaber, lider izan da 4 eta 12 urte bitarteko ikusleen artean % 28,1eko audientziarekin.
Ezkontza-sorpresa
Iritsi da Basakabi udalekuan azken eguna, eta Eli eta Zuriri 'super ideia' bat bururatu zaie: euren gurasoei ezkontza-sorpresa bat antolatzea. Aurtengo udako ideia gehienak, ordea, ez zaizkie oso ondo irten. Beraz, ikusi egin beharko da ezkontza hau ongi antolatzeko gai izango diren, eta ezkongaiek baietza emango duten.
Hasteko, apaiza beharko dute, baina Zuzenek beste ezusteko bat izango du azken atal honetan, eta baliteke meza emateko bere onenean ez egotea. Gainera, Eusko Jaurlaritzako ikuskatzaile bat ere agertuko da Basakabin. Oztopoak oztopo, ilusioz arituko dira lanean Zuri eta Eli ezkontza antolatzen.
Pozik dabilen beste bat Naia da. Alex Amsterdamera joan da eta, uda osoan ez bezala, orain argi ditu gauzak. Julen da maite duena, eta berarekin harreman bat hasi nahiko luke. Baina zer erantzungo dio Julenek?
Azkenik, Markel aberastasunez josita ikusiko dugu 'Ameriketara joan nintzen' abesten. Saldu egingo ote du San Bernardoren kodexa?
Ostiralero bezala, azken atal hau ere ikusgai izango da ETB1en eta eitb.eus-en, 21:00etan. Ondoren, denboraldi osoa EiTB Nahieran atarian egongo da eskuragarri.
Hurrengo denboraldirako casting-a abian da
Bestalde, Euskal Telebista eta Pausoka ekoiztetxea telesailaren denboraldi berria prestatzen hasi dira, eta lehen pausua Basakabira joango diren ikasle berrien pertsonaiak izateko aktoreak bilatzea izango da. Gauzak horrela, casting prozesua zabaldu da, eta eitb.eus/goazencasting helbidean dago aktore aukeraketaren inguruko informazio guztia.


