Prentsa aretoa
Gaztea
Maketa Lehiaketaren final handia, ostiral honetan, Bilboko Kafe Antzokian
EiTB
Trini Fox, SUA, STR, Jokin Trikitixa eta Montauk taldeek hartuko dute parte finalean, eta horien artetik aterako da irabazlea. Irratian eta webgunean jarraitu ahal izango da.
-
2018ko Gaztea Maketa Lehiaketako finala.
Bilboko Kafe Antzokiak Gaztearen Maketa Lehiaketaren XXVIII. edizioaren finala hartuko du ostiral honetan, apirilaren 5ean. 21:45ean hasita, bost finalistak oholtza gainera igoko dira zuzenean jotzera: Trini Fox, SUA, STR, Jokin Trikitixa eta Montauk. Julen Idigoras eta Ainhoa Urretabizkaia Gazteako esatariek aurkeztuko dute saioa, sarrera doan izango da, eta 21:30ean irekiko dituzte ateak. Irratian eta webgunean jarraitu ahal izango da han gertatzen den guztia.
Xabi Hoo, Leire Palacios eta Xabi Doncelek osatuko dute epaimahaia, eta bost talde horietako bat izendatuko dute irabazle. Garaileak Bilbao BBK Live jaialdian jotzeko aukera eta 5.000 euro eskuratuko ditu (GazteBizHitza Saria).
Gogora dezagun Entzulearen Saria, 2.500€, Trini Foxek irabazi zuela, horrek lortu baitzituen boto gehien bozketa-fasean.
Horiez gain, beste sari bat ere izango da: Kafe Antzokiaren sari berezia. Irabazleak 300 euro jasoko ditu.
Bost talde finalistak:
Trini Fox: Punk Rock, stoner, hard rock eta rock alternatiboa jorratzen ditu Trini Fox hirukoteak. Suharri (ahotsa eta gitarra), Iñaki (bateria eta koroak) eta Gilenek (Gitarrak eta koroak) osatzen dute taldea.
Montauk: Beñat Goitia abeslari eta gitarra-jotzailearen bakarkako kantuen sorkuntzatik 2014an jaiotako Ambience rock taldea da Montauk. Gorka Etxebarriak, Aitor Garcia de Vicuñak eta Urko Urzelaik osatzen dute laukotea. 2016an Bilaketan izeneko lehenengo lana argitaratu zuten eta 2018an Geruzak kaleratu dute Erraia zigiluarekin
Jokin Trikitixa: Orain dela hainbat urte hasi zen Jokin San Jose trikiti munduan, arlo tradizionalean. Apurka-apurka, bestelako estiloak nahasten joan zen. Hala jolasten zebilela, diskoa egiteko ideia bururatu zitzaion, trikitixa eta hip-hop estiloak uztartuz. Kontzertuetarako disko-jartzaile baten laguntza izaten du Jokinek
Sua: molderik gabeko musika sortzeko beharretik jaio da. Ane Barrenetxeak, Janire Lopezek, Julen Wrightek eta Esteban Gaviriak osatzen dute Maruri Jatabeko talde hau.
Str: Trap bereziaren egoitza gisa definitzen dute haien burua Str taldeko kideek. Donostiko Amara auzoan sortu zuten 2018ko udan Iker Villak, Aritz Mendiolak eta Oihan Morenok. Trap konbentzionaletik aldentzen diren soinuak, ideiak eta hitzak jorratzen ditu taldeak.


