Prentsa aretoa
Kontzertuak
Gari, Modus Operandi eta Eñaut Elorrieta, asteburuan, "Kulturunea"n
EiTB
eitb.eus-eko Kultura Zuzenean atarian eta Vital Fundazioaren webgunean, streaming bidez.
-
Gariren kontzertua ostiralean "Kulturunea"n. Argazkia: EiTB
Ostiraletik igandera, "Kulturunea" saioan, hiru kontzertu eskainiko dira. Gari, Modus Operandi eta Eñaut Elorrietaren txanda izango da. eitb.eus-eko Kultura Zuzenean atarian eta Vital Fundazioaren webgunean izango dira ikusgai streaming bidez. Ilaski Serranok aurkeztuko ditu kontzertuak.
Gari & Maldanbera (maiatzaren 29an, 21:00etan)
Iñaki Igon Garitaonandia 'Gari'k (Legazpi, 1963) bakarka daraman ibilbidean hamargarren diskoa argitaratu zuen 2018ko abenduan. Euskal kantagintzan itzal luzeko sortzailea da, herri memorian gordetako abesti askoren egile. Bere azken lana (Estutu, Elkar) 2016an argitaratu ostean, zortzi pieza berri jendarteratuko ditu azaroan, ordukoan abiarazitako estiloan sakonduz.
Gariren ahots xuxurlatu eta hauskorrak, zenbait abestiren groove-ak eta atmosferadun soinu geruza ezberdinek osatzen dute Beste denbora batean diskoaren arima. Hor nabarmentzen da gehienbat aurreko diskotik berri honetara arteko jauzia.
Modus Operandi (maiatzaren 30ean, 21:00etan)
Modus Operandi taldearen asmoa aspaldidanik zerabilen Iñaki Ortiz de Villalba kantariak buruan. 2017ko uztailean Andoni Matxain-i (Lauroba) kantuen inguruko kezkak helarazi zizkionean, taldea antolatzen hasi zen. Zein da Modus Operandi taldearen estrategia? Ska eta rocka jai giroarekin eta konpromisoarekin nahastu, eta musikaren oreka bilatu zuzenekoetan.
Modus Operandi taldearen diskoak taldearen izen berbera du. "Zatoz gugaz" kantuak ematen dio hasiera diskoari, eta lehen 15 segundoetan taldeak argi utzi du bere musika irizpidea nondik doan. Bateria, gitarra, tronpeta eta tronboiaren jokoak lehen proposamena helarazten dio entzuleari: "Zatoz gurekin eta sartu gure zirimolan". Eta disko osoak barrika beretik emango dio edaten jarraitzaileari. Dantza, festa eta inguruarekin konpromisoa agertzen duten letrak.
Eñaut Elorrieta (maiatzaren 31n, 20:00etan)
Euskal talde gutxik lortu dute Ken Zazpiren eragina. Eñaut Elorrieta da errudunetako bat, gure musika panoramako ahotsik ezagunenetakoa. 2013an bere bakarkako ibilbidean paraleloki lan egitea erabaki zuen. Orain arte, hiru disko kaleratu ditu, eta 2019an ikusi du argia azkenak.
Vital Fundazioaren eta EiTBren ustez, kulturaren alorra derrigorrez gelditu den honetan, sareko bi erakunderen arteko lankidetzan sortutako "Kulturunea" ekimenak leiho bat irekitzen dio zuzeneko musikari. EiTB eta Vital Fundazioaren arabera, aukera ezin hobea da artearen mundua sustatzeko eta dinamizatzeko, eta publikoa berriz erakartzeko.


