Itxi

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

Prentsa aretoa

22:15etik aurrera

Tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu "San Joan gaua" saio bereziak gaur Arrasatetik eta Gasteiztik

EITB MEDIA

TOKIKOMekin elkarlanean egingo da aurten ere Arrasateko kontakizuna, EITBko Ilaski Serranok eta Goiena Komunikazio taldeko Txomin Madinak eta Xabier Urzelaik gidatuta. Gasteizen, berriz, Imanol Artola arituko da kontakizunean, eta Egoitz Txurruka erreportari lanetan.

0:20
Joan den urteko San Joan gauaren irudi bat

Urtero bezala, San Joan bezperako gauaren inguruko saio berezia eskainiko du EITBk gaur, eta tradizioa eta modernitatea uztartuko ditu bertan. Horretarako, Arrasatetik eta Gasteiztik egingo da "San Joan gaua" programa berezia Euskal Telebistan.

Goiena komunikazio taldearekin elkarlanean egingo da aurten ere Arrasateko kontakizuna, EITBk eta TOKIKOMek sinatutako aliantzari jarraituz. Hala, iazko elkarlanaren emaitza onak sendotzeko, aurten ere San Joan gau magiko ikusgarria prestatu dute bi erakundeek, lantalde zabala lanean jarrita. 22:15etik aurrera, Goienan eta EITBn aldi berean izango da emanaldia ikusgai, zuzenean. EITBren kasuan, ETB1en, eitb.eus webgunean eta EITB Nahieran aplikazioan jarraitu ahal izango da.

Arrasatetik ohiko suaren inguruko ikuskizun berezia eskainiko da, EITBko Ilaski Serranok eta Goienako Txomin Madinak eta Xabier Urzelaik gidatuta. Besteak beste, Ttakun Txalaparta taldearen doinuak, Portaloi taldearen koplak eta Arrasate Musikaleko musika bandaren emanaldia izango dira ikusgai eta entzungai. Herensugeak sua piztu eta alkateak agurra dantzatu eta alpargatak sutara botako ditu. Ondoren, dantzak eskainiko dituzte.

San Joan gauaren ospakizunaren artxiboko irudia

San Joan gauaren ospakizunaren artxiboko irudia

EITBren eta TOKIKOMen arteko elkarlanaren bideari jarraitzen dio gaurko emanaldiak. Bien arteko aliantzak hainbat proiektu sustatu ditu azken urteotan, tartean San Joan gaua bera, Korrikaren zuzeneko saio bereziak eta Saretzen proiektua.

San Joan gauaren ospakizunaren artxiboko irudia

San Joan gauaren ospakizunaren artxiboko irudia


Dantza ikuskizuna, Gasteizen

Gasteizen, berriz, Imanol Artola arituko da kontakizunean, eta Egoitz Txurruka erreportari lanetan. Agintariei  ohorezko aurreskua dantzatzeaz gainera, Gasteizko Algara Dantza Taldeak eskainiko du ikuskizun berezia, San Joan gauaren magia, sorginkeria eta  misterioa islatzeko. Gasteizko ikuskizuna ETB1en, eitb.eus webgunean eta EITB Nahieran aplikazioan jarraitu ahal izango da, saio berezian zehar egingo dituzten konexioen bitartez.