Prentsa aretoa
Eduki nabarmenak
Jota jaialdia Tafallan, larunbat honetan, "Oholtzan" saioan
EITB MEDIA
"Teknopolis" programan, berriz, ON Zientzia bideo-lehiaketa izango dute hizpide denboraldiko azken saioan. Kirol eskaintzan, azkenik, herri kirolak eta pilota izango ditugu ikusgai.
Larunbata, 2023ko ekainak 24: Eduki nabarmenak ETB1en eta eitb.eus-en
"Teknopolis" – 13:30ean ETB1en eta eitb.eus-en
ON Zientzia lehiaketa izango dute hizpide denboraldiko azken saioan. Donostiako Tabakaleran banatu zituzten ON Zientzia bideo-lehiaketako azken edizioko sariak, eta giro bikaina egon zen DIPCk eta Elhuyarrek antolatutako ekitaldian. Saritutako bideoak ikusteko aukera izan zuten bertan, tartean, euskarazko bideo onena (Ane Ibargoyen Álvarezen "Mina edo pikantea? Pikantea edo mina?") eta dibulgazioko bideo onena (Daniel González Escuderoren "Loquita por sus huesos").
Kirol emanaldiak ETB1en eta eitb.eus-en
Herri kirolak eta pilota izango ditugu larunbat honetako kirol eskaintzan. 15:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en, Emakumeen Euskal Herriko Harri-jasotzeko Txapelketa eskainiko da, Abadiñotik. Ondoren, 17:15etik aurrera, pilota izango dugu ikusgai, zuzenean, Eibarko Astelena pilotalekutik. "ETB Kantxa" saioak bi norgehiagoka eskainiko ditu: alde batetik, Egiguren V - Rezusta vs Mata-Zabala; eta, ondoren, San Fermin Txapelketako Elordi vs Elezkano II. Xabier Euzkitze eta Mikel Idoate arituko dira kontakizunean, Ainhize Vegarekin batera.
"Oholtzan: Jota jaialdia Tafallan" – 22:00 ETB1en eta eitb.eus-en
Ilaski Serranok aurkeztutako "Oholtzan" saioan 2023ko maiatzean Tafallako Kulturgunean grabatutako jota jaialdia eskainiko da. Hermanas Flamarique jota eskolaren 50. urteurrena ospatzeko egin zen ikuskizuna, eta 80 jotari baino gehiago bildu zituzten bertan, eskolako ikasle eta ikasle ohiak. Herriko Txaranga Malatxo musika bandaren kolaborazioa ere izan zuten.


