Prentsa aretoa
Eduki nabarmenak
Madeirara egingo du bidaia Zigor Iturrietak astearte honetako "Chiloé, Lasterka Munduan" programan
EITB MEDIA
Hango gastronomia ezagutzeaz gain, MIUT Madeira Island Ultra Trail lasterketan parte hartuko du. "La Noche De…" zinema saioak, berriz, 'Tres viejos gruñones' komediaren estreinaldia eskainiko du.
Asteartea, 2023ko uztailak 18: Eduki nabarmenak
"Biba Zuek!" – 18:00etan ETB1en eta eitb.eus-en
XSakara Bermeoko raperoa izango da arratsaldeko gonbidatu nagusia, eta Lurrikarak bere azken lanaren inguruan hitz egingo du Xabierrekin eta Maddalenekin. Uda honi begira dituen kontzertu eta emanaldien inguruan ere arituko dira.
Aurretik, saioaren lehen orduan, frontoiak eta frontoiek sortzen duten lilura izango dituzte hizpide. Horretarako, frontoiei argazkiak ateratzen aritzen den argazkilaria izango dute platoan eta frontoi konkretu baten historia kontatuko duen gonbidatu bat ere hartuko dute.
"Chiloé" – 22:30ean ETB1n eta eitb.eus-en
Kirola eginez, munduan zehar bidaiatzen jarraituko du Zigor Iturrieta sukaldari eta korrikalariak "Chiloé, Lasterka Munduan" saioan. Turismoa, gastronomia eta mendi lasterketak uztartzen dituen programaren hurrengo atalean Madeira ingurura joango da Iturrieta, eta MIUT Madeira Island Ultra Trail lasterketan arituko da.
"La Noche De…" – 22:30ean ETB2n eta eitb.eus-en
"La Noche De…" zinema saioak Tres viejos gruñones (Les vieux fourneaux, 2018) frantziar komediaren estreinaldia eskainiko du astearte honetan. Christophe Duthuron zinemagileak zuzenduta, Pierre Richard, Eddy Mitchell eta Roland Giraud aktore beteranoak ditugu bertan protagonista. Belgikako komiki batean dago oinarrituta, eta adineko hiru gizonezkoren istorioa kontatzen digu. 60. hamarkadatik lagunak dira hirurak, nahiz eta euren arteko desadostasunak agerikoak izan ordutik.
Aurretik, Chris Hemsworth eta Elsa Pataky izango ditu hizpide Dani Álvarezek, astearte honetan bertan urtebetetzea ospatuko baitu Patakyk. Tom Cruise aktoreaz ere hitz egingo dute, eta berriki estreinatu den Misión imposible film berrian motoaren eszena nola filmatu duten erakutsiko digute. Azkenik, Viaje con nosotros izeneko atalean, munduan piramiderik gehien duen herrialdera eramango gaituzte.


