telebista
EITBren fikzio berria
Anjel Alkain,Iker Galartza eta Aitziber Garmendia protagonista dituen "Superra" telesaila grabatzen ari dira
Supermerkatu txiki bateko gorabeherak ditu ardatz fikzio berriak. Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Onintza Enbeita eta Ainere Tolosak ere parte hartzen dute.
Herri euskaldun bateko negozio familiar txiki baten istorioak ekarriko dizkigu EITB Azpeitian grabatzen ari den "Superra" telesailak. Karmelo eta Luixito anaiak dira Super Manterola izeneko dendaren arduradunak, Bakartxo ilobarekin batera. Anjel Alkain, Iker Galartza eta Aitziber Garmendia dira hiru protagonista nagusiak, eta haiekin batera beste hainbat aurpegi ezagun ikusiko ditugu fikzio berri honetan: Sara Cozar, Iñake Irastorza, Zuhaitz Gurrutxaga, Ekain Ibarguren, Onintza Enbeita eta Ainere Tolosa, besteak beste.
Karmelo eta Luixito beteranoak dira, profesionalak eta lanerako gogotsu daudenak. Baina alboan supermerkatu-kate handi bat zabaldu dute, eta horrek hainbat buruhauste eta liskar sortuko dizkie. Dena den, sinetsita daude herriko negozio txikiak hobeak direla, eta Euskal Herriko supermerkaturik onena izateko gogoz lan egiten dute bertako langileek: dream-team ederra osatzen dute. Protagonistek izango duten gehiegizko motibazioarekin eta gertatuko zaizkien egoerekin, momentu surrealistak eta komikoak biziko dituzte.

