telebista
Programazioaren aurkezpena
Barne produkzioaren aldeko apustua, ETB1eko programazio berrian
EITB
"Airean", "Txoriene", "Hizka Mizka", "Kontrako Eztarria", "Tumatxak", "Euskal Herria Zuzenean"... ETB1eko arratsalde eta gauetan barne produkzioko saioak izango dira nagusi.
Euskarazko programazioaren aldeko apustua egin du ETBk kurtso honetan. Asmo handiko programazioa, bete-betea eta denetarikoa prestatu du barne produkzioaren aldeko apustu irmoa egiten duen euskarazko kateak. Euskaraz 12 telebista ordu berri eskainiko dira egunero. Arratsaldea guztiz eraberritu da; eguerdiko 'Gaur Egun'aren eta ordutegi nagusiaren artean eduki berriak sartuz. Horrez gain, zazpi saio estreinatuko dira.
Horiek dira, besteak beste, ETBko programazioaren aurkezpenean aipatutako nobedadeak. Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Pello Sarasola ETBko zuzendariak aurkeztu dute udazkeneko programazioa, kateko aurkezle eta aktoreekin batera. Genero guztiak jorratuko dituzte, aktualitatea eta entretenimendua izango dira erreferente nagusi, eta denboraldi honetan, astero, 55 ordu baino gehiago eskainiko dira zuzenean.
EiTBko zuzendari nagusiak barne produkzioari emandako bultzada azpimarratu du: "Euskal ikus-entzunezko alorraren lana eta talentua gogoan izan nahi ditugu, gure enpresa eta ekoiztetxeen alde apustu egiten dugu. 500dik gora dira euskarazko telebistan lanean aritzen direnak, eta kurtso honetan, astero, 80 ordu berri ekoiztuko dituzte. Hartara, eta hori kontutan hartuz, eskaintza zabala, anitza, prestatu dugu; estilo propioa izango duen programazio integrala. Alabaina, eskaintza eta edukien diseinua bizi dugun egoera ekonomikora egokitu ditugu", adierazi du Maite Iturbek.
Arratsalde berritua
Irailaren 23tik aurrera, ETB1ek arratsaldea berrituko du. Etxeko profesionalek egindako saioekin egituratuko da arratsaldeko programazioa. Hasteko, 'Txoriene' sukaldaritza saioa izango dugu albistegiaren ondotik. Denboraldi honetan, Pili Manterola sukaldari eta Euskadi Irratiko kolaboratzaileak aurkeztuko du tartea. Ondoren, Jaime Otamendik gidatutako 'Airean' aktualitate magazina eskainiko da egunero. Zuhaitz Gurrutxagak 'Hizkamizka' lehiaketarekin jokatzeko aukera eskainiko du, eta, segidan, Sara Gandarak aktualitatea bertatik bertara hurbilduko digu 'Euskal Herria Zuzenean' saioan. Horrez gain, Julian Iantzik aurkeztutako 'Bost Baietz' lehiaketa eta 'Kontrako Eztarria', Xabier Euzkitzek, Anjel Alkainek, Iker Galartzak eta Jon Plazaolak dakarten umorezko albistegia, ere izango ditugu arratsalde-iluntze partean.
Estreinaldiak ordutegi nagusian
Arratsaldeko estreinaldiez gainera, ETBk ordutegi-nagusian '101 Gaztelu' abenturazko reality berria eskainiko du Julian Iantzirekin. Berria da baita ere Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten duen 'Tumatxak' saioa. Euskal musikariekin egongo da eta euren musikaren arrakastaren giltza aztertzen saiatuko da. Kike Amonarrizen 'Tribuaren Berbak', berriz, euskararen alderdirik deigarri eta ezezagunenak agertuko ditu, modu entretenigarri eta dinamiko batean.
'Goenkale'k ez du hutsik egingo astelehen eta astearte gauetan. 20 urte beteko ditu aurten telesailak. Halaber, 'Irrikitown'en umorea bueltan da, laster hasiko baitira atal berriak prestatzen.
Gaueko programazioarekin jarraituz, abenturazko ale berriak ekarriko ditu Alex Txikonek ETB1eko gauera 'Txikon Xtreme' saioan. Larunbat gauetan, 'Gure Zinea' izango dugu. Nazioarteko zine onenaz gain, euskal zinearen erakusleihoa izango da 'Gure Zinea'. Besteak beste, Amaren eskuak, Dragoi ehiztaria, Bypass eta Bertsolari ditugu emango diren filmen zerrendan.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena egingo dio ETBk aurten. Irailaren 29an hasita, 'Hitzetik Hortzera'k final laurdenen laburpenak eskainiko ditu. Finalerdiak, ordea, osorik emango dira ETB HDn, bereizmen handian. Abenduaren 22ko finala zuzen-zuzenean izango da ikusgai ETB1en.
Kultur eskaintza osatzeko, Rosa Zufiak 'EiTB kultura' kultur magazinaren fase berria zuzenduko du, eta Oihana Jauregik aurkeztuta dator, beste behin, aurten ETBn XV. urtemuga egingo duen 'Teknopolis' saioa. Horrez gain, urrian 'Sautrela' literatur saioa itzuliko da Hasier Etxeberriaren eskutik.
Euskadin erreferente ditugun ETBko albistegiek hartuko diote neurria informazioari. 'Gaur Egun' albistegiaz gain, 'Egun On Euskadi', 'Azpimarra' eta 'Debatea' iritzi eta eztabaida saioak eta 'Euskal Herria Zuzenean' saio berriak egingo diote lekua aktualitateari.
Kirol programazioaren haritik eta futbol eskaintzaren barruan, Bigarren Mailako partiden zuzeneko emanaldiak, Lehen Mailako laburpenak, gure taldeen nondik norakoak eta Realak Txapeldunen Ligan izango dituen hitzorduen jarraipen zabala egingo du kiroletako lan-taldeak. Saskibaloiari dagokionez, Endesa Ligako bi partida emango dira astero eta bi euskal taldek (Caja Laboral eta Bilbao Basket) Europako txapelketetan izango dituzten neurketei ere tartea egingo diete. Esku pilotaren leihoa zabalduko du 'ETB Kantxak' eta amaitzear den txirrindularitza denboraldiak Lonbardiako Itzulia ekarriko digu urrian. Boxeoak asteroko zitari eutsiko dio eta beste kirolei zabalkundea ematen jarraituko du 'Zu Kirolari'k.