Itxi

telebista

Gaur

Txirrindularitza, futbola, saskibaloia eta pilota ETBn eta eitb.com-en

A.A.

EiTB

Gaur Kataluniako Itzuliko 6. etapa, Laudio-Sestao River, Eibar-Bartzelona B, Gipuzkoa Basket-Ucam Murcia, Olaizola II-Aretxabaleta / Aritz Lasa-Barriola eta Fusto-Urkijo / Zubiri-Imanol.

0:09

Zuzeneko bost kirol emanaldi egingo ditu Euskal Telebistak eta eitb.com-ek gaur. Hasteko, Kataluniako Itzuliko 6. etaparen berri emango dute Alfontso Arroiok eta Xabier Usabiagak ETBKn eta eitb.com-en, 15:35etik aurrera. El Vendrell eta Vilanova arteko 163 kilometro osatu beharko dituzte txirrindulariek lasterketako azken aurreko jardunaldia izango den honetan.

16:00etan, Bigarren Mailako futbolari eskainitako 'Zilarrezko Futbola' tartea zabalduko dute ETB1en: lehendabizi, Laudio eta Sestao River arteko partida izango da ikusgai, Xabier Andueza eta Jose Luis Riberaren kontakizunarekin; ondoren, 18:30ean hasita, Eibar-Bartzelona B jarraitu ahal izango dute ikus-entzuleek, Naxari Altunaren, Juanan Larrañagaren eta Joseba Urkiolaren eskutik. Biak ala biak eitb.com bidez ere emango dira.

17:00etan, ETBKn eta eitb.com-en Munduko Pala Txapelketako finala emango da Donostiako Carmelo Balda pilotalekutik. Fusto-Urkijo eta Zubiri-Imanol izango dira nor baino nor gehiago. Neurketaren ingurukoak Iñigo Aiestaranek kontatuko dizkigu Mikel Aierbe lagun duela.

Azkenik, 20:30ean, saskibaloiari eskainitako tartea zabalduko dute ETB1en eta eitb.com-en. Endesa Ligako 25. jardunaldiko Gipuzkoa Basket-Ucam Murcia neurketaren berri emango dute zuzenean Xabier de la Fuentek, Josean Aldalurrek eta Juan de la Vegak.

Bestalde, 22:15etik aurrera ETB1en ikusgai izango den 'Gol Festa' saioan futbol jardunaldiaren errepasoa egingo du Jon Elortzak, Athletic-At. Madril partidari arreta berezia eskainiz. Eta 00:30etik aurrera ETBKn Bibitako Txapelketako Olaizola II-Aretxabaleta / Aritz Lasa-Barriola partidan gertatutakoak bilduko dituzte Juanan Legorburuk eta Koldo Aldalurrek.