Itxi

telebista

Saio berria

Adela Ucarrek aurkeztuko du ETB2ko 'El Impostor' saio berria

A.H.

EITB

Aurpegi berria da Adela Úcar Euskal Telebistan, eta familia osoari zuzendutako 'El Impostor' saioa gidatuko du udazken honetan.

Adela Ucar kazetari bilbotarrak aurkeztuko du Euskal Telebista denboraldi berrirako prestatzen ari den 'El Impostor' saioa. Aurpegi berria da ETB2n eta Cuatro katetik dator. Arrakasta handia lortu zuen bertan '21 Días' saioarekin.

Asiako Discovery Networks-en hasi zuen bere ibilbide profesionala, historiaren, bidaien eta gizarte gaien inguruko dokumentalak ekoitziz. 2007an "Guías Pilot-Lonely Planet" saioa aurkeztu zuen Discovery katean.

Ondoren, A3Mediako Neox kateko "Ven de Viaje" eguneroko magazinaren gidaritza hartu zuen, eta TVE1eko "Españoles por el Mundo" eta La2 kateko "Mucho Viaje" saioetan erreportari izan da. Bidaiei lotutako saioetan aritu da beti lanean Adela.

2010eko urritik 2014ko maiatzera arte, Samanta Villar ordezkatu zuen Cuatron, '21 Días' saioan, eta orain, abentura berri bati ekingo dio ETB2n, "El Impostor" saioa aurkeztuz.

Saioa

Familia osoari zuzendutako lehiaketa-saioa da "El Impostor". Atal bakoitzean, familia batek pertsona ezezagun bat sartuko du bere etxean, gonbidatu ospetsu baten aurrean familiako kide modura aurkezteko. Gonbidatuak familiako kide faltsua nor den jakitea lortu beharko du.

Astero, familiak eta gonbidatu ospetsuak 2.000 euroko saria izango dute jokoan. Gonbidatuak familiako kide faltsua nor den asmatzen ez badu, saria familiaren eta familiako kide faltsuaren artean banatuko dute. Asmatuz gero, saria gonbidatuarentzat izango da, eta berak erabakiko du dirua dohaintzan eman nahi duen edo beretzat hartuko duen.

"El Impostor" Pausoka ekoiztetxearen formatua da, 10 herrialde baino gehiagotan banatu dute, eta, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetan, Perun eta Txinan ekoizten dute.