Itxi

telebista

Saio berria

'El Impostor' lehiaketa-reality berrirako familien bila dabil ETB2

A.H.

EITB

Saio bakoitzean familia batek pertsona ezezagun bat sartuko du bere etxean eta familiako kide bezala aurkeztuko du gonbidatu ospetsu baten aurrean. 2000 euroko saria, jokoan, saio bakoitzean.

Euskal Telebista familia osoari zuzendutako programa berria prestatzen ari da datorren denboraldirako: 'El Impostor'. Atal bakoitzean, familia batek pertsona ezezagun bat sartuko du bere etxean, eta gonbidatu ospetsu baten aurrean familiako kide modura aurkeztuko dute. Lortuko al du gonbidatuak familia-kide faltsua nor den jakitea?

Euskal Telebista lehiaketan parte hartuko duten familien bila dabil. Parte hartu nahi dutenek impostor@eitb.com helbidera idatzi edo 639151579 telefonora deitu dezakete, aukeraketan parte hartzeko.

Gutxienez lau kidez osatuta eta etxe berean bizi diren familiak behar dira parte hartzeko, eta jakina, euren etxean pertsona ezezagun bat hartu, eta familiako kide berria bihurtzeko prest dauden familiak izan beharko dira. Pertsona ezezagunak zenbait egun pasako ditu familiarekin elkarbizitzan, euren ohiturak, familia barruko dinamikak eta bakoitzaren lekua zein den ikasten. Familiak pertsonaia ospetsu baten bisita jasoko du, eta gonbidatu horrek kide faltsua nor den asmatu beharko du. Horretarako, elkarrizketa eta mota ezberdinetako probak egingo dizkie.

Astero, familiak eta gonbidatu ospetsuak 2.000 euroko saria izango dute jokoan. Gonbidatuak kide faltsua nor den asmatzen ez badu, saria familia eta familia-kide faltsuaren artean banatuko dute. Asmatuz gero, saria gonbidatuarentzat izango da, eta bere esku egongo da dirua dohaintzan ematea ala bere buruarentzat gelditzea.

'El Impostor' Pausoka ekoiztetxearen formatua da, 20 herrialde ezberdinetara banatu dute, eta Estatu Batuetan, Perun eta Txinan ekoizten dute.