telebista
Eskoziako erreferenduma
ETB2k 'La decisión de Escocia' erreportajea eskainiko du gaur gauean
A.H.
EITB
Zuhaitz Gurrutxagak bidaia egingo du Eskozian zehar, ikuspuntu politiko, ekonomiko, historiko eta sozialetik erreferendumaren nondik norakoak ulertzeko asmoarekin.
Eskoziaren independentzia erreferenduma egin bezperan, ETB2k 'La decisión de Escocia' erreportajea eskainiko du gaur, 22:15etik aurrera. Zuhaitz Gurrutxaga aurkezlea Eskoziara joan da eta bertatik bertara ezagutu ditu prozesuaren nondik norakoak. Eskoziarrek ostegunean erabakiko dute Erresuma Batuaren parte izaten jarraitu nahi duten ala herrialde independentea bihurtuko diren.
Erreportajeak ikuspuntu politikoa, ekonomikoa, historikoa eta soziala aztertuko ditu, eta horretarako, Ruth Sharkey eta Lynsey Stuart eskoziarrekin arituko da solasean, baita Eskozian bizi den Luis Mendizabal euskaldunarekin ere.
Xavier Solanok (Eskoziako Alderdi Nazionaleko aholkularia) eta Michael Keatingek (aldaketa konstituzionalerako zentro eskoziarraren zuzendaria) zuzenean parte hartuko dute erreportajean, eta une historiko honetara heltzeko eman diren pausoak azalduko dituzte.
Zuhaitz Gurrutxagak, gainera, Eskoziako kultura, folklorea eta gastronomia ezagutuko ditu, eta eskoziarrek euskaldunekin partekatzen dituzten ezaugarriak aztertuko ditu. Horretarako, Jeff Watter Euskadin 30 urte eman dituen eskoziarrarekin egongo da. Jeffek Highland Games jokoetara eramango du Zuhaitz, kilt tradizionala jantzita. Horrez gain, Edinburgo hiriko hainbat bitxikeria ezagutuko dituzte elkarrekin, eta whiskiaren industriaren sekretuak ere aireratuko dituzte.
Amaitzeko, enpresa euskaldunak Eskozian egiten ari diren lana ezagutuko du Zuhaitzek. Besteak beste, Iberdrola enpresak Scottish Power eta Egoin enpresen bidez lan egiten du bertan.
'La decicisión de Escocia' gaur gauean emitituko da ETB2n, 22:15etik aurrera.